Gaztetxoek antolatutako gala izanik, ikuslegoaren artean ere gaztetxoak –eta haien senitartekoak– izan ziren protagonista. Itziar Arkauzek egin zituen galaren gidari lanak, ohikoa duen umore puntu kutsakorrarekin.
Oñatiarrak protagonista txantxetan
Gala ezusteko batekin hasi zen. Gaztetxoak, ekitaldiko protagonistak, bahitu zituzten Ikusi Makusi antzerki taldeko beteranoek eta Arkauz bera momentuan bertan joan behar izan zen Eltzia gunera horiek askatzera. Behin gaztetxoak Santa Ana antzokira ekarrita, aldez aurretik grabatutako txantxak erakutsi zituzten proiekzioen bidez: supermerkatuko erosketa-orgen lapurretak, Oñatiko erdialdean aparkatzen zuten herritarrei elkarrizketak –Zer sentitzen da autoa aparkatu ostean? gisako galderak egiten–, Irazan jogurta iragartzeko umeekin egindako grabaketa bat –jogurtari gatza botata azukrea beharrean–... Proiekzioak askotariko muntaiekin osatu zituzten, emanaldia are entretenigarriagoa eginez. Gainera, ikus-entzunezkoen ostean denetariko jolasak egin zituzten agertoki gainean.
Ikusleekin batera
Gala osoan zehar ikuslegoaren feedback-a bilatu zuten uneoro eta jolasetarako ikus-entzuleak ere atera zituzten oholtza gainera. Gala borobiltzeko dantza ikusgarri bat eskaini zuten.