Dagoeneko zazpigarren urtea da turismo bulegoak errege bezpera egunez ginkana bat antolatzen duena. Jolas honen bitartez gaztetxoek Oñati hobeto ezagutzen edo Oñatiren historia errepasatzen dute. Aurten armarrien bila ibili dira.
10:30ean hasi da jolasa eta garaiz heldu dira parte-hartzaileak. 6 eta 12 urte bitarteko 32 gaztetxo. Batzuentzat lehen aldia izan da, baina bazuten jolas honen berri eta prestatuta etorri dira: erantzunak apuntatzeko arkatzak eta kalean gora eta behera ibiltzeko oinetako erosoak ekarri dituzte, adibidez.
Gehienez bost kideko taldeak egin dituzte eta behin azalpenak ondo entzun eta ulertu ostean, herriko planoak, galderak eta pistak hartu eta korrika atera dira, herriko armarrien bila.
Ordubata arteko epea zuten galderak erantzun eta esku orria berriro turismo bulegoan beteta entregatzeko. Guztiendako goxokiak banatu dituzte gero eta turismo bulegoan dituzten produktu sorta batzuk zozkatu dituzte gero parte-hartzaile guztien artean. Aurten armarriak non dauden jakinda, datorren urtean maila pixka bat igoko dutela aurreratu dute turismo bulegoko arduradunek.