Urrian abiatu zuen Udal Gobernuak Herribus zerbitzua helburu zehatz batekin: erdigunetik urrutien dauden auzoetako bizilagunak erdigunera hurbiltzea. Eta, lortu dutela esan daiteke. Ugarkaldeko eta Kasablankako bizilagunak dira-eta, zerbitzua gehien erabiltzen dutenak.
30 minutuko maiztasuna duen 22 plazako autobusak herritarren erantzun ona jaso du. Udal Gobernuak eguneroko datuak oso zorrotz aztertu ditu Leintz Garraioak enpresako gidariekin batera. Emaitzak onak dira.
San Martinen geldialdia egiteko aukera
Proba pilotua egiten zen bitartean, aldi batera adjudikazioa egin zuen Udalak. Orain, behin betirako esleipena egiten den bitartean, Leintz Garraioak izango da zerbitzua ematen jarraituko duena. Eta hain zuzen ere, eurekin aztertuko dituzte lineatan egon daitezkeen aldaketak. Bereziki, San Martinen geldialdia egiteko aukerak aztertuko dituzte.