Urteko kirol lana aitortzeko hamar sari banatu dituzte Oñatin

Mireia Bikuña 2016ko abe. 27a, 09:36

Gazte mailako txirrindulari taldeak, Xabi Murgiondok ziklista eta Sergio Uriarte pilota entrenatzaileak jaso dituzte sari nagusiak. Bestalde, Xabi Gordoak jaso du herritarren babesa eta harendako izan da herritarrek emandako saria.

Urteaz  zehar egindako lana aintzat hartuta banatzen ditu Oñatiko Udalak kirol sariak. Banakako eta taldekako kiroletan, entrenatzaile lanetan eta kirolaren alde egin lanean egindakoak saritu dituzte.

Bananako eta taldekako sarietan txirrindularitza izan da protagonista. Xabi Murgiondo izendatu dute urteko kirolari onena. Urtean egin dituen 50 bat  lasterketetatik, 12tan, podiumean amaitu du. Horietako lautan (Deba, Antzuola, Gipuzkoako erlojupekoa eta Mendaro) garaipena lortu du. Bestalde, gazte mailako txirrindularitza taldea izan da urteko onena. Bost etapa garaipen lortu dituzte, Gipuzkoako talderik onenetarikoa izan da eta bigarren mailako sailkapenetan (mendian, taldekakoan) sarritan izan dira gorenean.

Pilota saila biziberritu du

"Urte gutxian pilota saila biziberritu du. Triste xamar eta motibaziorik gabe zegoen sail bati, aurpegia aldatu eta 5 urtetan herriko kirol panoramaren gorenera ekarri du". Berba horiekin jaso zuen Sergio Uriartek teknikari onenaren saria. Egun, 80 bat pilotarik dihardute Uriarteren aginduetara. Gazte mailetako pilotariek lortutako emaitzak harago, azken bi urteetan Herri Arteko Pilota Txapelketan egindako lana azpimarratu dute.

Bost aipamen berezi

Iosu Garaik, Yeray Varelak, Oñatiko Duatloiak, Aloña Mendi txirrindularitza sailak eta Oñati-Lizarra mendi trabesiak lortu dituzte aipamen bereziak. Lehenengo biek urtean zehar egindako lanarengatik. Beste hirurek, orain arte egindako ibilbidearengatik. Duatloiak eta mendi trabesiak 25 urte bete dituzte eta txirrindularitza sailak, 50.

Kirolaren alde egindako lana

Egubakoitzean egindako sari banaketako une hunkigarrienetarikoa Juan Carlos Elorza zena gogora ekarri zuen aipamena izan zen. Kirolaren alde egindako lanaren aitortza jaso zuen, eskubaloiaren, Oñatiko eskubaloiaren eta kirol kazetaritzaren alde egindako lanarengatik. Haren ilobak jaso zuen saria, hunkituta.

Herritarren saria

Herritarren sarian guztira 1015 boto jaso dira. Xabier Gordoa igerilariak jaso zuen saria, boto diferentzia handiarekin (%56,35). Garazi Erostarbe txirrindulariarentzat izan zen bigarren postua (%22,07) eta Ane Erostarbe eskalatzaileak (%20,89) eskuratu zuen hirugarrena. Guztiek ere, txalo zaparrada itzela jaso zuten.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak