Bost txantxiku armagin

Eneko Azurmendi 2016ko abe. 14a, 15:16

Ane Egaña, Tiago Santana, Joseba Calvoetxeaga, Elene Guridi eta Eider Egaña Eibarko futbol taldeetan ari diren bost oñatiar dira. Kolore berberak defendatzen dituzten arren, ordea, maila desberdinetan ari dira. Aurkarien maila altuagoa den arren, asko ikasten eta gustura ari direla aitortu dute.

Bost jokalarietan esperientzia gehien duena Ane Egaña da. Izan ere, aurtengoa talde armaginean jokatzen duen laugarren denboraldia da eta bigarren maila nazionalean dihardu. "Orain dela lau urte, Bergara taldean jokatzen nuenean, nire entrenatzaile izandako batek deitu zidan Eibarren jokatzeko aukera neukala esanez. Pentsatu ere egin gabe joan nintzen. Garai hartan Euskal Ligan jokatzen zuen taldeak, baina bi urteren ostean, bigarren maila nazionalera igo ginen", adierazi du Egañak.
 
Tiago Santanak ere bigarren denboraldia du aurtengoa Eibarren. Gazteen ohorezko mailan ari da. "Aloña Mendin ari nintzela, urte polita egin nuen eta hortik irten zen guztia. Taldeak ligan ez zuen oso denboraldi ona egin, baina nik zortea eduki nuen eta Eibarreko deia jaso nuen. Esperientzia aprobetxatu egin behar denez, baiezkoa eman nuen", dio Santanak.
 
Beste hirurei dagokienez, aurten estreineko denboraldia dute. Joseba Calvoetxeagak kadete mailako euskal ligan jokatzen du eta Elene Guridi eta Eider Egaña, berriz, kadeteen ohorezko mailan ari dira. "Deitu egin zidaten eta torneo batzuk proba modura aritu ostean, bertan geratzea erabaki nuen", azaldu du Calvoetxeagak.
 
Elene Guridi eta Eider Egañaren kasua bitxia izan zen. "Lehenago ere deitu ziguten bioi, torneo bat jokatzera joateko, baina nik ezin nuen, kanpoan nengoen eta. Beraz, Eider bakarrik joan zen. Ondoren, uda partean, berriz deitu ziguten taldearen parte izateko, eta biok eman genuen baiezkoa", azaldu du Guridik. Egañak, bere aldetik, gaineratu du abantaila handia dela horrelako esperientzia bat lagun bat alboan daukala hastea: "Errazagoa da jendearekin harreman berriak egiteko eta konfiantza edukitzeko. Gainera, bidaiak egiteko erraztasun handiagoa daukagu, bion gurasoekin".

Asko ikasten

Guztiek nabarmendu dute aurkariek gehiago exijitzen dutela maila hauetan eta gogorrago jokatzen dela ere adierazi dute. Hala ere, orain artean oso gustura ari dira bost jokalari oñatiarrak talde armaginean eta asko ikasten ari direla azpimarratu dute. Datozen urteetan ere, jarraitzeko asmoa erakutsi dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak