Hiru zauritu eta kalte handiak Oñatin erretako etxebizitza batean

Ubane Madera 2016ko abe. 13a, 09:14

Portu kaleko etxebizitza bateko bi bizilagun eta haiei laguntzera joandako ertzainetako bat dira bart gaueko sutean zauritutakoak. "90 urteko gizonezkoak konortea galdu zuen, kea arnastuta, baina oxigenoa jarri eta gutxira bere onera bueltatu zen. 65 urteko alabak, berriz, eskuetan erredurak zituen", jakinarazi du Ertzaintzak. Azken honek, 65 urteko alabak, ospitalean jarraitzen du, Donostian.

Artatutako hirugarrena kea arnastu zuen ertzain bat izan zen eta hari ere oxigenoa jarri zioten. Portu kalea garbitzen ibili dira goizean, eta aurreneko orduetan itxita egon bada ere, dagoeneko berriro zabaldu dute. Aparejadorea ere bertan izan da, etxebizitzak jasandako kalteak zenbaterainokoak izan diren ziurtatzeko.

Izan ere, ikusgarria izan zen oso bart gauean Oñatin piztutako sutea. "Beldurgarria", pareko etxeko bizilagun baten esanetan. Ondoko etxeko bizilagunak kaleratu egin zituzten, badaezpada, baina lotaratzeko bueltatu egin dira. 

Etxe guztia kaltetuta

22:30 inguruan jaso zuten suhiltzaileek sutearen gaineko abisua. Portu kaleko etxebizitzaren hirugarren solairuan, manta elektriko batek su hartu zuen. "Gelako atea zabalik zegoen, eta horren ondorioz, etxe guztia kaltetu zuen suak", zehaztu du Ertzaintzak. 

Suhiltzaileak bertaratu zirenean, bi lagun aurkitu zituzten etxean: 90 urteko gizonezko bat eta 65 urteko haren alaba. "Gizonezkoak ke handia arnastu zuen, eta konortea galdu zuen, baina oxigenoa eman eta laster etorri zen bere onera. Hala ere, ondoren Arrasateko Ospitalera eraman zuten. Alabak, berriz, eskuak erreta zituen, eta hura Donostiako ospitalera eraman zuten. Bestalde, haiei laguntzera joan ziren ertzainetako bati ere oxigenoa eman behar izan zioten", jakinarazi du Ertzaintzak.

90 urteko gizona intoxikazio arinagatik eraman zuten bart Debagoieneko ospitaleko larrialdietara, baina berehala eman zioten alta. 65 urtekoak ospitalean jarraitzen du, Donostian.

Biharamunean, inguru guztia garbitzen ibili dira, eta etxebizitzaren inguruko kale zatia moztuta egon da. Udal aparejadoreak ere ikuskatu du etxebizitzaren egoera. Edozein modutan, sutea gertatu den etxeko gainontzeko bizilagunak bertan dira dagoeneko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak