Datu hauek kontuan hartuta, Mikel Biain Oñatiko alkateak dio lehen hutsik zeuden etxebizitzak alokairura bideratu direla orain, "neurri handi batean".
Politika honek, etxebizitza beharra duten herritarrei laguntzea ez ezik, Oñatin benetan zenbat etxe huts dauden ezagutu eta etorkizunerako etxebizitza politikak diseinatzeko oinarri egokiak ezartzeko aukera ematen du, alkatearen esanetan.
Arau foral batek ahalbidetzen du errekargu hori aplikatzea. %50 eta %150 artean aplikatzeko aukera dago eta Oñatin, %100eko errekargua aplikatzen da. Alkateak dio, hasieran polemika piztu arren, orain onartutzat ematen dela neurri hau Oñatin.
Errekarguarekin lortutako dirua 30 urtez azpiko gazteei zuzenduriko emantzipazio diru-laguntzetara bideratzen du udalak. Izan ere, badira bi urte laguntza hau eskaintzen duela, alkatearen esanetan, "azken urteotako eraikuntza burbuilaren ondorioz, bereziki kaltetua izan den kolektiboa gazteena delako, euren autonomia maila eta garapena kolpatuz".
Biainen arabera, oraindik hasiera da, jendea pixkanaka badoa jabetzen diru-laguntza hau badagoela eta etorkizunera begira, emaitzak ematen jarraituko duela dio.