'Lekaixoka!' hasi du Txantxiku Ikastolak bidea

Miren Arregi Amasorrain 2016ko aza. 11a, 22:00

Lekaixoka!. Horixe da Oñatiko Txantxiku Ikastolak antolatuko duen Kilometroak 2017ko leloa. Gaur aurkeztu dute hori, ikastolaren 50 urteko ibilbidea irudikatu duten ikuskizunean. Musikaren, dantzaren, antzerkiaren eta ikus-entzunezkoen bitartez egin dute hori. 120 lagunek hartu dute parte ikuskizunean eta kiroldegia bete egin da ikuslez. Logoa eta leloa aurkeztu diren unea irrintziz hartu dute.

 

Lekaixo berbak, oihua, txilioa, irrintzia, deiadarra esan gura du. Aspaldiko euskaldunek erabiltzen zuten deia, irrintzia eta oñatiarrez lekaixua, abisuak pasatzeko, arazoak komunikatzeko zein urrun zeudenei hurbiltasuna adierazteko. "Oinarrian, gure arbasoengandik jaso dugun herri ohitura, irrintzi, doinu eta berbaren komunikatzaile berriak gara", adierazi du Kilometroetako koordinatzaile Malen Ugartek.

Lekaixoka berbaren oinarrian, auzolanaren ideia dago. Hortik, auzolanetik sortu eta sortzen delako, Txantxiku Ikastola bera ere orain dela 50 urte auzolanetik sortu eta hazi delako. Horregatik, auzolana da Kilometroak jaiaren oinarria.

Irudian, lekaixoa

Irudia, lekaixoa bera da. Irrintziaren errepresentazioa. Formak, Oñatiko Aloña mendiko gailurreriaren irudia ere islatzen du. Kolore berdea eman zaio, naturari erreferentzia eginez.

Ekitaldia, jai giroan

Kilometroak 2017 aurkezpen ekitaldian aurkeztu berri dituzte leloa eta irudia eta horrela, lekaixoka, eman zaio bukaera, alai, festa giroan, kalejiran. 50 urteotako ibilbidea irudikatzen zuen antzezlanarekin eman zaio hasiera ekitaldiari. Ondoren etorri dira, musika, dantza, eta festa. Zubikoak Kiroldegiko kantxa jendez bete da. Bukaeran, ume, gazte eta heldu, Kilometroak 2017ko arropa jantzita atera dira oholtza gainera.

Ekitaldian hitza hartu dute Txantxiku Ikastolako presidente Aitor Guridik, Oñatiko alkate Mikel Biainek eta Txantxiku Ikastolako zuzendari Zigor Ibartzabalek.

Presidente Aitor Guridik aurten 40 urte bete dituen Kilometroetako lekukoarekin elkarrizketa bat izan du. Guridik ongi etorria eman dio lekukoari, eta urtea herriko etxerik dotoreenean pasatuko duela esan dio, Udaletxean, alegia. Hala, Oñatiko alkate Mikel Biaini eman dio lekukoa.

Biainek bere aldetik, honakoa adierazi du: “Gaur egun euskaldun sentitu, bizi eta amets egiten dugunok eskerrak eman behar dugu garai batean gure gurasoek auskeraz heziak izateko erabakia hartu zutelako. Euskera hutsean hazi eta hezteko aukera izan genuen garai zailenetan ere euskal herritar askok eginiko lanagatik. Eta ibilbide horretan ikastolek, Oñatiko Txantxiku ikastolak sekulako ekarpena egin du”. Eta 1989ko kilometroei egin die erreferentzia: “1989an mugarri garrantzitsu bat jarri zuen Oñatik kilometroen antolakuntzan, eta nahiz urte asko pasa diren, eta garai hartako jende asko gure artean ez izan, ni seguru nago garai hartako lankidetza eta antolakuntza espiritua bizi bizirik dagoela gure herrian. Herritar, eragile, enpresa, udaletxe… Guztion arteko elkarlanarekin Oñatik berriz ere maila bikaina emango du zalantza barik”.

Txantxiku Ikastolako zuzendari Zigor Ibartzabalen txanda izan da ondoren: “Ildo komunikatiboa lantzen hasi ginenean galdetu genion gure buruari. Zer nahi du ikastolak Kilometroen bitartez komunikatu? Eta pentsatu genuen auzolana zela oinarria. Hortik tiraka etorri zen Lekaixoka”.

Ordezkaritza zabala

Ekitaldian parte hartu dute Ikastolek Elkarteko ordezkariek, Bergarako eta Urretxu-Zumarragako ikastoletako ordezkariek, Oñatiko EH Bilduko eta EAJ ordezkariak eta herriko beste hainbat erakunde eta eragileetako ordezkariak ere. Ulmako ordezkariak ere bai, nola ez. Hain zuzen ere ULMA Fundazioak babestu du ekitaldia.

'Eraso' gaztetxean

22:30ean Eraso taldearen kontzertua hasiko da Antixena gaztetxean. Sarrerak 5 euro balioko du eta kontzertuan ateratzen den dirua Kilometroak 2017 laguntzeko izango da. 

Erlazionatuak

'Lekaixoka!' hasi du Txantxiku Ikastolak bidea

Monika Belastegi Aranzabal 2016 aza 12 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak