Cayetano Perez: "Niretako, ohore handia da sari hau jasotzea"

Eneko Azurmendi 2016ko urr. 21a, 14:02

Pedaleo.com enpresa espainiarrak aitorpen bat egin dio Cayetano Perez oñatiarrari, zikloturismoari egindako ekarpenagatik, urriaren 15ean Benaventen (Zamora) ospatutako ekitaldian. 39 urte daramatza zikloturismo munduan murgilduta.

Zer sentitzen da horrelako sari bat jasotzean?
Hasiera batean, harrituta gelditu nintzen, ez nuelako espero. Aurrez ezagutzen nituen, Eduardo Chozasen campus batetik. Beraz, deitu egin zidaten, ea sari hau eman ahal zidaten galdetuz. Nik zalantzarik gabe onartu nuen, noski. Niretako, ohore handia da sari hau jasotzea, gustatzen zaidan zerbait egiteagatik jaso dut eta.  Emozio handia sentitzen dut eta saria eman didatenei eskerrak ematea baino ez zait geratzen.

Estatu mailako enpresa bat izanda, are handiagoa da aitorpena, ezta?
Hala da; sari hauek urtean behin ematen dituzte eta estatu mailako sariak dira. Beste hainbat pertsona ere saritu dituzte; horien artean, Chico Perez, txirrindularitza munduan dagoen kazetaririk ezagunenetakoa. Beraz, plazera da niretzat.

Sari hau zergatik eman dizutela uste duzu?
Haien filosofiarekin bat egiten dudalako. Hau da, enpresa honek txirrindularitza mundua sustatzen duen jendea saritzen du, ez bakarrik maila profesionaleko txirrindularitza, baita herri mailakoa ere. Beraz, bizikletan afizioz eta gustatzen zaigulako ibiltzen garenoi eta mundu honetan murgilduta gaudenoi horrelako aitorpenak egiten dizkigute. Nire ustez, behintzat, horregatik da.

Noiztik zara zikloturista?
Zehazki, 39 urte daramatzat zikloturista moduan; Aloña Mendin hasi nintzen, bertako zikloturismo saila sortu genuenean. Hasi gineneko oso gutxi gelditzen gara dagoeneko, baina niri bizikleta asko gustatzen zait eta orain erretiroa hartuta denbora luzeagoa dudanez, asko ibiltzen naiz. Pasio bat da niretzat bizikletan ibiltzea eta leku eta jende berria ezagutzea.

Beraz, Aloña Mendirekin federatuta zaude?
Hala da. Gaur egun ez gara duela urte batzuk bezainbeste ibiltzen. Lehen, astero egiten genituen irteerak; orain, gutxiago. Hala ere, federatuta egotea garrantzitsua dela uste dut; ardura zibila, aseguruak eta beste hainbat gai direla eta.

Gaur egun, ze martxa egiten dituzu?
Lehen, Gipuzkoako Federazioko martxa guztiak egiten nituen. Orain, Quebrantahuesos –gehien disfrutatzen dudana–, Rompepiernas, Eduardo Chozasen campusak –otsailean eta abuztuan egiten direnak– eta mendiko bizikletarekin ere martxa bat edo beste egin izan dut.

Lehenengo horri helduta, 26 edizioetatik 24 egin dituzu.
Bai, eta beste biak, lesio baten ondorioz, ezin izan nituen egin; bestela, guztiak egingo nituen. Nire ustez, saria hau jaso izanaren arrazoi nagusia hori da. Esaten didate adin honekin –63 urte– horrenbeste aldiz martxa hori egitea asko dela eta horretarako fisikoki prestatuta egon behar zarela. Eta, egia esan, aitzakia hona da Quebrantahuesos martxan izena ematea, urte guztian zehar bizikletan ibili ahal izateko. Azken finean, horrek egiten nau zoriontsu.

Horrelako martxa bat nola planteatzen duzu? Lehiatzera ala disfrutatzera joaten zara?
Ni disfrutatzera joaten naiz, oso argi daukat 63 urterekin ez dudala lehiatuko. Nire ustez, martxak bakoitzak nahi duen modura hartzen ditu eta norberarekiko lehiaketa moduko bat da: motibazioa, martxa bera bukatzea, lagun berriak egitea, lagun zaharrekin elkartzea... Finean, martxa bakoitza festa bat da guretako. Bizikleta bizitzeko modu bat da, pasio bat da. Nik urte asko daramatzat eta gero eta gehiago gustatzen zait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak