Udaberrian Oñatin egin zen BiziPoz programaren lehen esperientzia positiboa ikusita, azaroan hasiko da bigarrena.
BiziPoz, bi hilabeteko iraupena duen formazio programa da, 55 urtetik gorakoei zuzenduta dagoena. Bi atal nagusi ditu: tailerrak eta proiektua. Alde batetik, formaziorako tailerrak egiten dira, astean behin eta landu nahi den gaian aditua den pertsona batek gidatuta. Eta tailerretan teoria eta praktika uztartzen dira eta oso dinamikoak izaten dira.
Modu paraleloan, partaideek proiektu bat garatzen dute lauzpabost laguneko taldetan bilduta. Esaterako, aurreko aldian, bidaiak egiten dituzten momentuetarako ingeles apur bat ikastea jarri zuten proiektu bateko helburu bezala, baina era askotarikoak izan daitezke proiektuak.
Bi gai nagusi landuko dira: lehenengo aldian landu zuten osasuna eta gizarte zerbitzuak lantzen jarraituko dute batetik, eta bestetik, gai berria izango den adimen emozionala jorratuko dute.
Tailerrak, martitzenetan
Egitasmoarekin azaroaren 8an hasiko dira eta urtarrilaren 17ra arte iraungo du. Tailerrak martitzenetan izango dira 17:00etatik 19:00etara eta izena hilaren 28a baino lehenago eman beharko da Udaleko Gizarte Zerbitzuetan, kiroldegian edo anbulatorioan dauden esku-orriak beteaz.