Arantzazuko harrobiaren handitzeak eztabaida sortu zuen Oñatiko osoko bilkuran

Oihana Elortza 2016ko ira. 28a, 15:29

Horren kontrako mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, eta azken urte eta erdian bestelako gestiorik egin ez izana leporatu zion EAJk. Bestalde, aho batez onartu zuten Udalak behar den laguntza ematea herritarrei Frankismoko diktadurako krimenen inguruan.

EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen atzo egindako osoko bilkuran Arantzazuko harrobia handitzeko dagoen proiektuaren aurka. Alderdi Jeltzalea ere handitzearen kontra dago, baina urte t´erdian handitze horren kontra Jaurlaritzarekin gestio zuzenik ez duela egin kritikatu zion Udal Gobernuari, eta eztabaida piztu zuen horrek alderdi bietako bozeramaileen artean.

Egun harrobia kudeatzen duen enpresak txosten bat egin du handitzeak naturan ze inpaktu, eragin, izan dezakeen jasotzeko. Abuztuan iritsi zen txosten hori Oñatiko Udalera, eta horren kontrako alegazioa jarriko du orain Oñatiko Udalak, forma kontuengatik bakarrik ikusten delako orokortasunean oinarritutako txostena dela. Mikel Biain alkateak azaldu duen moduan, txosten horrek ez du jasotzen inguruko faunan eta floran izan dezakeen eragina, ezta ur baliabideen gaineko azterketarik eta ez dago eginda horrelako proiektuak egin ohi diren eskalan. Gainera, Oñatiko Udalak salatu du txosten hori ez dagoela eskuragarri, inon ezin daitekeela ikusi, edozein herritarrek ikusi eta aztertu gura izanez gero, ez dagoela ikusgai. Biologo baten laguntzarekin, txosten horren kontrako alegazioa ari da prestatzen Oñatiko Udala eta datorren astean aurkeztuko du.

Gai horrez gain, diktadura frankisten krimenen inguruko mozio bateratua aurkeztu zuten EAJk eta EH Bilduk. Hain justu, joan zen astean bete ziren 80 urte frankistak Oñatin sartu zirela. Aho batez onartutako mozioan jasotzen da Oñatiko Udalak babesa emango diola gertaera horiengatik kereila jarriko duten herritarrei. Mozioan gertaeren erantzuleen izenak sartzeko eskatu zuten Euskal Memoria taldekoek.

Bestalde, Miren Elgarrestaren lekua hartu duen Nekane Maiztegi oñatiarrak atzo egin zuen karguaren zina. Gogotsu eta lanerako prest dagoela adierazi zuen osoko bilkuraren amaieran.

Gai zerrendatik kanpo, irailean Mirentxin furgoneta batek Kordobara bidean Guardia Zibilen aldetik jasandako gertaeraren harira, elkartasuna adierazi zieten zinegotzi guztiek herriko presoen senideei. Bestalde, gaur iluntzean hasiko diren herriko jaiei begira, jaiak parekidetasunean ospatzearen aldeko mozio bateratua onartu zuten alderdi biek eta datozen egunetan ondo ibiltzeko gonbita luzatu zieten herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak