Hasiera batean, antolakuntza arduratuta azaldu zen. Bikote asko zirela eta, jaietarako finala egiteko larri ibiliko zirela uste zuten. Hala ere, txapelketa "espero baino hobeto" joan dela dio Iñigo Igartua antolakuntzako kideak.
Esan bezala, azken txanpan sartuta dago txapelketa. Mutiletan, final-zortzirenetako partidu bat geratzen da jokatzeko, atzeratutako partidua. Tatiegi-Urrutia eta Altuna-Ormazabal arituko dira nor baino nor gehiago, final-laurdenetara pasatzeko helburuarekin.
Dagoeneko final-laurdenetarako sailkatuta dauden bikoteak hauek dira: Perez-Aranburu, Baseta-Amilleta, Aramendia-Larrea, Aiastui-Arregi, Biain-Anduaga, Fernandez-Pruluns eta Aberasturi, Yolo.
Neskei dagokienez, finalerdiak bakarrik falta dira. Finalean sartzeko borrokatuko diren lau bikoteak Aran-Rebeka, Intxausti-Larrea, Igone-Mireia eta Eider-Alazne dira.
Bi finalak egun berean ospatuko dituzte, hilaren 30ean. Egun osoko festa izatea gura dute antolatzaileek. "Plazako pilotalekuan ahalik eta jende gehien batzea da gure asmoa. Aurten, gainera bi sexuetako finalak edukiko ditugu eta guretzat oso pozgarria da hori, iaz mutilen txapelketa izan genuelako bakarrik. Alde horretatik, final eguna osatzea lortu dugu", adierazi du Igartuak.
Herritarrek emandako erantzunarekin ere gustura azaldu da Igartua. "Jendea gustura etortzen da partiduak ikustera eta hori pozgarria da guretzat", dio.
Gaur arratsaldeko seietan izango da atzeratutako partidua eta eguenetik aurrera hasiko dira gainontzeko kanporaketak.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!