Ara Malikianen doinuekin gozatu dute Arantzazun

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko abu. 26a, 11:22

Biolin-jotzaileak eta bere taldeak emanaldi ikusgarria eskaini dute Arantzazuko basilikan, Donostiako Musika Hamabostaldiak antolatuta. Malikian gertutik jarraitzeko sarrera guztiak duela astebete baino gehiago agortu ziren.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barnean Arantzazu hitzordu garrantzitsua bilakatu da azken urteetan. Atzo, basilikako lepo bete zen Ara Malikian biolin-jotzaile trebea gertutik jarraitzeko. Izan ere, emanaldirako sarrerak duela astebete baino gehiago agortu ziren.

2012an ere Arantzazun izan zen Libanoko eta Armeniako sustraiak dituen Ara Malikian, baina orduan Kepa Junkera trikitilariarekin batera izan zen, laguntzaile bezala. Duela lau urte ikusmina sortu zuen biolinistak, eta hori dela eta, oraingoan basilikako 1.200 eserlekuak bete egin ziren.

Ara Malikian bira berezi bat egiten ari da bere taldearekin batera Espainia osotik, 15 izena duen bira hain zuzen ere. Jo duen antzoki eta oholtza guztietan sarrera guztiak saldu ditu, eta Arantzazu ezagutzen zuenez, Hamabostaldiko antolatzaileek argi izan zuten hasieratik emanaldiak basilikan izango zuen indarra.

Iñaki Beristain frantzizkotarrak ikus-entzuleei ongi etorria egin ostean Maialen Lujanbio bertsolariak hiru bertso eskaini zizkion Arantzazuko Santutegiari eta baita Malikiani berari ere.

Ondoren, biolinistaren eta bere taldearen txanda izan zen. Basilikako ate nagusitik biolina eskuan zuelarik hasi zuen kontzertua musikariak eta ikus-entzuleak ezustean hartu zituen. Ondoren, taula gainera igo ostean bere taldekideekin batera ikuskizun ederra eskaini zuen Malikianek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak