Bi proiektore, hiru ordenagailu eramangarri, bi bideo kamera, tabernako musika ekipoa, tabernako bafleak eta iaz egindako ekintza guztien grabaketak gordeta zituen disko gogorra lapurtu zituzten bariku goizaldean, "ustez irekita zegoen leiho batetik sartuta", Oñatiko Gazte Asanbladako kideek esan dutenez.
Gaztetxeko ekintzetarako eta egunerokorako beharrezkoa zuten materiala da lapurrek eroan dutena eta gertakaria salatzeko batu dira hainbat lagun Oñatiko gaztetxean.
Lapurretaren aurrean babesa adierazi dieten norbanako eta erabile guztiei eskerrak emanez hasi dute agerraldia Oñatiko Gazte Asanbladako ordezkariek. Agerraldian bertan bailarako gainerako gazte asanbladetako ordezkarien babesa jaso dute oñatiarrek.
Aurrerantzean ere ateak irekita
Azpimarratu dute bariku goizaldekoa "herritarron aurkako erasoa" izan dela, "herri eragileendako espazio librea izanik, herritar anitzon tokia" delako gaztetxea.
Gaineratu dute "ateak beti irekita" izan dituztela eta "aurrerantzean ere horrela" jarraituko dutela, "edonorentzat eskuragarri". Bestalde, onartu dute eraso hau "proiektuarendako traba" bat izan arren, aurrez ere izan dituztela arazo eta oztopo ezberdinak, baina "haiei bueltan eman" zieten moduan "oraingoan ere, egoera garratz honi aurre egin eta guztion artean buelta" emango diotela. Gertaera honen aurrean "gazteak batuz eta Antixena indartuz" jarraituko dutela gehitu dute.