Irteera, jolas eta beste hainbat ekintzaz betetako lau asteren ostean, bukatu dira udalekuak Oñatin. Oso pozik agertu dira koordinatzaileak. "Orokorrean, oso gustura gaude. Ekintza gehienak egin ahal izan ditugu. Egun pare bat aldatu behar izan ditugu, eguraldiaren ondorioz. Baina, esan moduan, dena aurreikusitako moduan eta oso ondo joan da. Ikusi da umeek asko disfrutatu dutela, begiraleak ere oso gustura egon dira eta orain ikusiko dugu gurasoek nola baloratzen duten", azaldu du Leire Zumalde koordinatzaileak.
Umeek ekintza guztietan disfrutatu badute ere, mendi kanpaldia izan da ekintza nagusia, izugarrizko arrakasta izan du eta. "Aurten kanpaldia eta egun-pasa ere eduki ditugu. Gainera, berritasun moduan, kanpaldia bi egunetakoa izan da. Umeek erabaki zuten bi egunetakoa izatea eta oso ondo pasatu dute. Izan ere, datorren urtera begira, aste osorako kanpaldia egitea proposatu digute", onartu du Zumaldek. Landako egun-pasa ere oso ondo joan zela gaineratu du.
Urteroko ohiturari jarraituz, eta eguraldiak askorik lagundu ez badu ere, azken egun honetan apar festan murgildu dira umeak. "Gaur dugu udalekuetako azken eguna. Eguraldia ez dugu oso lagun, baina horrek ez digu gaurko eguna zapuztuko. Umeak oso gustura dabiltza aparretan murgilduta. Hala ere, ume batzuk ez dute nahi izaten parte hartzea eta horiei aukera emango diegu kanpoan gelditzeko. Talde bakoitza ordu erdi egongo da aparretan eta ondoren, ondo lehortu eta berotan sartuko ditugu", adierazi du Oihana Ugarte koordinatzaileak. Aurrez, baina, umeek gorputzean pilatutako apar guztia kentzeko, hiru igerileku txiki jarri dituzte. Horrez gain, globoflexia eta body paint ekintzak egingo ditutze, aurtengo ekitaldia behar bezala amaitzeko.
Hurrengo urteari begira, gogo eta ilusio berarekin jarraituko dutela azaldu dute Leire Zumalde eta Oihana Ugarte koordinatzaileek.