Agintaldi honetako lehen urteko balorazio baikorra egin du gaur goizean Oñatiko Udal Gobernuak kazetariekin egindako gosari bileran. EH Bilduko udal taldearen esanetan, aurreko agintaldian herritarrekin egindako bileretan marraztutako "oinarri estrategikoak jarraitu" dituzte eta “gobernu era berri bat” hartu dute oinarri.
Proiektuei dagokionez, aurreko agintaldiko batzuen jarraipena egiteaz gain, aurten egin asmo zituztenetako asko egin dituztela aipatu dute, edo gutxienez, martxan daudela, horien artean: Olabarrietako lur azpiko pasoa, plazako arkupetako zoladura, autokarabana gunea, aparkaleku sistema, jaietan emakumeen parte-hartzea bultzatzeko prozesua, aisialdiko baratzeen autokudeaketa eta gazte lokalen ordenantza.
Urtea bukatu aurretik egin asmo dituzten proiektuen artean berriz, daude: Zubillaga auzoa eraberritzeko lehen fasea egitea, euskaltegian gela bat gehiago egokitzea eta Ugarkalde eta San Lorentzo arteko bidegorria egitea, azken hori “Olaran paisaia” proiektuaren barruan. Iñigo Segurola paisajistarekin ari dira lantzen Olaran errekaren alde bietako guneak. Proiektu horretan sartzen da ere Eltzia aurreko berdegunean ur txorrotak edo ur jolaserako gunea egitea eta postetxe parean dauden moduko kirola egiteko aparatuak jartzea.
Kritika
Oposizioak, alderdi jeltzaleak, izandako jarrera kritikatu du, bestalde, Udal Gobernuak urteko balorazioa egiterakoan. EH Bilduko udal ordezkariek adierazi dute ez zaiela bidezkoa iruditzen euren proposamenak Gobernu taldeari komunikabideen bidez helaraztea.
Proposamen askoren ideiak, jeltzaleak "euren jabetza egiten saiatu" direla ere adierazi dute Udal Gobernuko kideek, "herribusa, beka eta auzotaxi zerbitzua" kasu. EAJren ideiak entzuten jarraituko dutela adierazi dute, baina "euren aldetik jarrera zintzoagoa eta helduagoa" eskatzen dutela.