Dena prest Kantoikrit probaren bosgarren ediziorako

Maite Txintxurreta 2016ko uzt. 9a, 15:33

Datorren zapatuan (22:00) jokatuko da urtetik urtera sona irabazten doan Oñatiko kriterium bizikleta proba. Aurtengoan ibilbidea aldatu egingo da apur bat, eta ondorioz, bira gehiago ere izango dira. 18 biratan 24 kilometro egingo dituzte guztira txirrindulariek.

Duela bost urte Surf Fixed egitasmoaren barruan egin zen lehenengoz gaueko pinoi finkoko bizikleten lasterketa urbano hau Oñatin. Kantoikrit izena baina, duela hiru urte hartu zuen, Surf Fixedetik kanpo ere interes handia sortzen zuen proba zela ikusita, antolatzaileek azaldu dutenez.

20:00etan izango da dortsal hartzea, eta 22:00etan hasiko da lasterketa.

Proba hau berezi egiten duen beste ezaugarri bat "herritik herriarendako" egindakoa dela da, Jon Ibarrondok adierazi duen moduan.

Ibilbidea

Ibilbide berria ere "%100 urbanoa" izango dela azaldu du antolaketa taldeko Antton Zubiak. Bira bakoitzak 1,5 kilometro izango ditu, eta guztira 18 bira izango dira; hau da, 24 kilometro denera. Aurten, berrikuntza modura, lasterketarekin batera bi motor joango dira, zeintzuek pantaila baten bidez jakinaraziko dieten txirrindulari zein ikusleei zenbatgarren itzulian doan lasterketa unez une.

Ibilbidea Foru plazan hasi eta bukatuko da, eta orain artekoak baino laburragoa izango denez, buelta kopurua ere handitu dute. "Pentsatzen dugu puntu batzuetan azkarragoa izango dela, eta teknikoagoa ere bai", dio Zubiak. Izan ere, esaterako, kale zaharrerantz ezkerrera hartu beharrean Aita Madina kalea hartuko dute txirrindulariek, eta bertatik unibertsitate aldera joango dira.

Aker taberna pareko galtzada harriak izan ohi dira lasterketako punturik interesgarrienetarikoa, eta bertatik ere pasatuko dira parte hartzaileak. Ibilbide osoa Kantoikriten webgunean ikus daiteke.

Izen ematea

Oraindik aukera dago aurtengo Kantoikriten izena emateko. 60 parte hartzailera dago mugatuta, eta antolatzaileek espero dute buelta horretan ibiltzea. Estatu mailatik zein nazioartetik etorritako txirrindulariak izan dira azken urteotan Oñatin, eta aurten ere hala izatea nahiko lukete. Noski, herriko jendea ere animatu nahi izan dute izena eman dezan.

Parte hartzeko gogoz daudenek www.sailkapenak.com webgunean eman dezakete izena, 28 euro ordainduta.

Sariak

Garaikurrak, beti bezala, galtzada harri itxurako kuboak izango dira. Sari nagusiaren irabazleak, garaikurraz gain, Polo&Bike markako koadroa eta euskal produktuen otarra irabaziko ditu. Bigarrenak, berriz, Bontrager kaskoa eta otarra, eta hirugarrenak otarra.

Horrez gain, lehen birako azkarrenak 100 euroko saria jasoko du, eta emakumezkorik onena eta Oñatiarrik onena ere sarituko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak