Denbora mugatua izango duten aparkalekuak, herri guneko hainbat kaletan egongo dira. Lau gunetan eta bereziki erdi gunean. Eta gunearen arabera, gehienezko denbora mugatuko egutegi eta ordutegiak izango dira. Gune horietako bizilagunek txartel bereziak izango dituzte.
Araututako aparkaleku gisa seinaleztatutako gunetan aparkatzeagatik ez da ordaindu beharko. Baina, gehienezko denbora gainditzen ez dela ziurtatzeko, papera jarri beharko da autoan. Egun, kiroldegiko eta Kalegoienako aparkalekuetan egiten den antzera.
Eztabaida
Ordenantzak sortu zuen eztabaida handiena atzoko osokoan. EH Bilduk egindako proposamenari ezezkoa eman zion EAJk. Araututako aparkalekuan ordenantza atzeratzeko eskaera egin zuten jeltzaleek eta ezezkoa jaso ostean, ordenantza bera sakonago azter zezan eskatu zion EH Bilduri.
Beste gai batzuk
Ekaineko osokoan beste hainbat puntu aztertu eta onartu zituzten. Garapen bidean dauden herrialdeetan lankidetza-proiektuak garatzeko diru-laguntzen eskaera 30 egun naturaletan luzatzea adostu zuten. Bestalde, ekainaren 28aren harira, aniztasun eta identitate sexualen aldeko adierazpena irakurri zuen alkateak. Hori ere, aho batez onartu zuten.