Xabi Murgiondo: "Ez nuen irabazterik espero, eta egin nuen denbora egiterik ere ez"

Eneko Azurmendi 2016ko eka. 22a, 16:04

Gipuzkoako gazte mailako errepideko txapelketan bigarren sailkatu zen eta erlojupekoa irabaztea lortu zuen. Tendoietako arazo bat dela medio, beranduago hasi zuen denboraldia eta horrek orain arteko sasoi onena hartzen lagundu dio.

Benjamin mailako bigarren urtean hasi zuen bere ibilbidea Xabi Murgiondo oñatiarrak. Aurten, gazte mailan, denboraldi borobila egiten ari da. Gipuzkoako Txapelketan, bigarren postua eskuratu zuen errepideko lasterketan eta erlojupekoa irabaztea lortu zuen. Horrez gain, Debako eta Uzarragako lasterketak ere irabazi ditu eta postu onak eskuratu ditu, Gipuzkoako klasikoan edota Arantzazuko igoeran, besteak beste. Denboraldia beranduago hasteak mesede egin diola aitortu du.

Gipuzkoako erlojupekoa irabazterik ez zuela espero azpimarratu du. Hala ere, oso pozik dagoela dio. "Ez nuen espero egin nuen denbora egiterik –00:19:55–. Lehenengo bi sailkatuok hogei minutu baino gutxiagoan egin genuen 14,5 kilometroko ibilbidea, lehen aldiz", dio. Denbora hori lortuta, errekorra berea da.

Orain arte lortu duen garaipenik garrantzitsuena dela nabarmendu du. Izan ere, Gipuzkoako txapeldun izateak beste izen bat duela dio. Bestalde, erlojupekoan norbere burua ondo ezagutu eta indarrak ondo neurtu behar direla azaldu du.

Aurten oraindik denboraldia ez da amaitu, eta gelditzen diren lasterketetan aurreko postuetan ibiltzea espero du, garaipenaren lehian.

Datorren urteari begira, afizionatuetara pasako da Murgiondo, eta salto handia izango dela espero du. Gainera, Gasteizera joango da magisteritza ikasketak egitera eta entrenatzeko moduak aldatu egingo zaizkio. Hala ere, bizikletari lotuta jarraituko duela aitortu du, pasioz bizitzen duen kirola da eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak