Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak 2016

Marian Beitialarrangoitia Eltzian izan da, pentsioez eta ekimen sozialaz hitz egiten

Eneko Azurmendi 2016ko eka. 8a, 12:24

EH Bilduko kongresurako hautagaia Eltzian izan zen atzo, Oñatiko erretiratuen eskaera onartuta. Legebiltzarrean aurrera eramandako ekimen sozialen, eta batez ere, pentsioak osagarritzeko prestatutako lege proposamenaren gainean jardun zuen, bertaratutakoekin solasaldi bat eginez.

Duintasuna erretiratuen elkarteak egindako gonbidapena onartuta, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko kongresurako hautagaiak Oñatin izan zen atzo. Koalizio abertzaleak pentsioen gainean daukan ikuspegia azaldu zuen, eta bertaratutakoekin gai honen gaineko solasaldi bat egin zuen, iritzi eta ideia desberdinak jasoz. "Pentsioen gaiaz gure iritzia zein den ematera etorri naiz Oñatira, egin didaten gonbidapena onartuta. Horrez gain, jendeari entzutera ere etorri naiz, ze kezka dituzten eta gaiaren inguruko ze ikuspegi daukaten", azaldu du.

Solasaldiaren hasieran, Duintasuna elkartearen izenean, Jose Antonio Amundarainek gaiaren inguruko hitzaldi bat egin zuen, testuinguruan sartzeko. Nabarmendu zuen gizarte segurantza propio bat sortzea nahi dutela hemen, haien pentsioak ez daitezen Madrilen esku egon.

Beitialarrangoitiak, bere aldetik, adierazi zuen pentsiodunak babestu beharreko kolektibo bat direla, eta pentsioen gaineko politiken garrantzia azpimarratu zuen. "Bizi dugun egoeran, badaude hainbat kolektibo egoeraren okerra bizi dutenak, eta horietako bat pentsiodunena da. EH Bildurentzat kezka iturri izan dira pentsiodunak, uste dugu pertsona batek bizitza duina eramateko gutxieneko batzuk bermatze aldera, gai hau eztabaidaren erdigunean kokatzea komeni dela", onartu du.

Pentsioez gaiaz gain, ekimen sozialaz eta ekonomia sozialaz ere aritu ziren eta nabarmendu zuten enpresa asko ixten ari direla eta ekonomia ez doala batzuek esaten dutena bezain ondo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak