Abian da Herriko Pilota Txapelketa parte-hartze handiarekin

Eneko Azurmendi 2016ko eka. 2a, 10:26

Mutiletan 43 bikotek eman dute izena eta nesketan seik. Iaz 29 bikote aritu ziren guztira. Antolakuntzatik nabarmendu dute iazko kopurua gainditzea espero zutela, baina ez zutela uste horrenbesteko parte hartzea egongo zenik.

Atzo, eguaztena, eman zitzaion hasiera Herriko Pilota Txapelketari, plazako frontoian. Txosna batzordeak eta Aloña Mendiko pilota sailak antolatuta, iaz jokatu zen lehenengo edizioa, formatu berriarekin.

Iaz, 29 bikotek hartu zuten parte eta antolakuntzatik ez zuten espero aurten hainbeste bikote egongo zirenik. Izan ere, mutiletan 43 bikote arituko dira eta nesketan sei. "Iazko kopurua gainditzea espero genuen, baina hainbeste ez. Iaz abuztuan atsedenaldia egin genuen eta aurten ez dakit egin ahalko dugun, partidu asko daude jokatzeko", dio Jon Romaratezabala antolakuntzako kideak.

Txapelketaren lehen fasea ligaxka moduan izango da. Mutiletan bost bikotez osatutako hainbat ligaxka egingo dituzte. Nesketan, berriz, izena eman duten sei bikoteek ligaxka bakarra osatuko dute. Izan ere, helburua da bikoteek partidu bat baino gehiago jokatzea.

Momentuz, astean lau egunetan jokatuko dira partiduak: astelehenetan, martitzenetan, eguaztenetan eta egubakoitzetan, 18:00etan. "Denboraz larri bagabiltza, zapatuetan ere jokatu egin beharko dira partidu batzuk eta datorren urtera begira, maiatzean hastea ere ez dugu baztertzen, parte-hartzaile kopurua handitu egingo da eta", nabarmendu du Romaratezabalak.

Irabazleentzat, lau t´erdirako finalerako sarrerak

Finala irailean izango da, San Migel jaietan, aurretik herri bazkari bat egin ostean eta txapelketako irabazleek lau t´erdiko finalerako sarrera batzuk irabaziko dituzte, txapelarekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak