Oñatiko Udalak Nazioarteko Lege Soziologia Institutuarekin egindako lankidetza hitzarmenari esker, aurrerantzean beka bat gehiago eskainiko du Institutuak; Oñati herriari ekarpena egingo dioten ikerketa proiektuak diruz lagunduko ditu udalak; 4.000 euro emango ditu.
Udal Plangintzako Aholku Batzordearen eraketaren berri ere eman zuten alkate dekretuz eta kiroldegiko eta Kalegoienako aparkalekuak arautzeko ordenantza behin betiko izaeraz onartu zuten zinegotziek.
Adinekoen ostatu zerbitzuaren proiektuari hasiera ematea ere adostu zuten herriko udal ordezkariek eta Bidebarrieta kalean dauden Udalaren jabetzako hiru etxebizitza sozialen alokairuak ere esleitu zituzten.
Presazko gaien artean, beste bi puntu onartu zituen udalbatzak, horiek ere aho batez. Batetik Txantxiku ikastolak egingo dituen obrak udal interesekotzat jotzea eta horri dagokiona hobarietan aplikatzea. Bestetik, hirugarren munduan garatuko diren proiektuetarako diru laguntza onartzea; 90.000 euro. Larrialdi egoeratan eman ohi duen diru laguntzaren oinarriak prestatzen ari dira.