Datuek diote gero eta eta bisitari gehiago etortzen direla Oñati ikustera. Aurtengo Aste Santuan, adibidez, joan den urtean baino %22 gehiago etorri ziren. Hori ikusita, turismo bide berriak irekitzeko pausuak ematen hasita dago Oñatiko Udala.
Horrekin batera, hasi dira turismo eredu berriak eskaintzen, adibidez, Kataluniako agentziei bisita gidatuak euren hizkuntzan eskainiz eta Oñati denontzat bisitak bultzatuz eta agentzia espezifikoak erakarriz. Gainera, Geoaizkorri, Inaziotar Bidea eta Lurpea proiektuetan ere parte hartu du herriko turismo sailak, baita Covatour kongresuan ere, besteak beste.
Oñatira datozen turisten artean familiak dira asko eta horiek ere kontuan hartu gura dituzte. Hala, eurei zuzendutako eskaintza ere prestatzen ari da udala eta Arrikrutz Kobak, herriguneko eraikinak eta txokolatearen interpretazio zentroa eskaintzeaz gain, naturarekin lotura duten aukerak ere prestatu gura ditu, hala nola familian egin daitezkeen irteerak.
Bestalde, Imsersotik etorri izan diren bidaiarien kopurua jaisten hasi dela ere adierazi dute, bidaia horiek antolatzen dituen Mundosenior enpresa euskal kosta ezagutzeko bidaiak antolatzen ari baita orain.