Martxoaren 3an egindako Oñatiko osoko bilkuran Udal plenoak aho batez onartu zuen Oñatiko udal plangintzako aholku kontseilua eratu eta jarduteko araudia onartzea. Eta atzo arratsaldean egin zuten horren aurkezpen bilera.
Aholku kontseilua da hirigintzako planeamendu orokorrari lotutako organo kontsultibo bat, eta eginkizuna da, hitzak berak esaten duen bezala, aholkuak ematea udaleko hirigintza arduradunei herriko planeamendu orokorraren diseinuan. Horren helburua da plan orokorrak ukitzen dituen hainbat eragilerekin batera, plan hori egitea.
Alkateak adierazi du herriko 25 elkarte inguruk parte hartuko dutela eta kontseilua bera herriko gizarte esparruko eragile ugarik osatuko dutela.
Prozesua nahiko luzea izaten da, hiruzpalau urtekoa izan daiteke, tartean hainbat bilera egin beharko dituzte, eta atzokoa izan zen lehenengoa.
Bilera horietan eragile bakoitzak bere interesak defendatu beharko ditu aurrerantzean, hemendik 10 urtetara nolako Oñati nahi duten kontuan izanda.