Kale garbiketako lanpostuen deialdia onartu du udalbatzak

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko api. 29a, 13:13

Oñatiko udalbatzak kale garbiketa zerbitzuko bederatzi lanpostu publikoren deialdia egin eta oinarriak arautu ditu atzo egindako apirileko osoko bilkuran. Musika Eltziako Zai Zoi Bele Musika Kolektiboaren eta Udalaren arteko hitzarmena ere onartu du udalbatzak.

Eltziaren eta Udalaren arteko hitzarmena onartu zuen joan den hileko osoko bilkuran udalbatzak, eta atzo musika Eltziako Zai Zoi Bele Musika Kolektiboaren eta Udalaren artekoa onartu zuen. Aurrekoan bezala, abstenitu egin zen EAJ, Eltzia proiektuaren helburuarekin erabat ados egon arren Udal Goernuari dagokion kudeaketarekin ados ez dagoelako eta berriro proposatu du Eltziako erabiltzaileek gastuen %25a ordaintzea eta eraikinaren erabilpenean ordutegia zehaztea.

Eratu berri den Zai Zoi Bele Musika Kolektiboko ordezkariek abstentzioa kezkaz hartu dutela adierazi zioten alderdi jeltzaleari eta proposatu zuten koordinazio batzorde bat sortzea eta alderdi politikoetako ordezkariak ere bertan egotea, guztien iritzi eta kezkak aztertzeko. EAJk zein EH Bilduk, biek ikusi dute begi onez proposamena eta onartu egin dute.

RGI eta AGI

Musika Eltziaren hitzarmena presazko gaien artean onartu zuen udalbatzak. Baita fracking-aren kontrako bi mozio, alderdi bakoitzaren bana, errefuxiatuen ingurukoa eta AGI eta RGIaren ingurukoa, azken biak EH Bilduk aurkeztutakoak. Errefuxiatuena aho batez onartu zuten eta diru sarrerak bermatzeko errentaren ingurukoan aurka bozkatu zuen EAJk. Jeltzaleendako argi gelditu da Diputazioak sortutako AGI laguntzako dirua ez dela desagertuko, birmoldatu egingo dela, jasotzen dutenek laguntza izan dezaten gizarteratzeko. Mozioaren aurkako botoa testuak jasotzen dituen kalifikatiboengatik eman dutela adierazi dute. Osoko bilkurara joandako herritarren artetik, Oñatiko Caritas elkarteko kide batek hitz egin zuen, gaiaren inguruko informazio gutxi dutela esanaz. Beharrezkoa dutena emateko prest agertu ziren zinegotziek. Egun, Oñatiko 9 familiek jasotzen dute RGI laguntza.

Kale garbiketa

Bestalde, kale garbiketa zerbitzuko bederatzi lanpostu publikoen deialdia eta oinarriak onartu ditu udalbatzak, EAJren aurkako botoekin. Jeltzaleek uste dute antzinatasunak puntu asko hartzen dituela eta hori diskriminatzailea izan daitekeela, adibidez, langabezian dagoen herritar batendako. Euskararen eskakizunean ere uste du hiru urtetan baino denbora gutxiagoan atera dezakeela lehen maila euskaraz ez dakien pertsona batek. Oinarrietan, euskarak ez du meriturik izango eta ez dakiena ikastera derrigortuta egongo da; hiru urte izango ditu lehen maila lortzeko.

Onartutako gaien artean, kultura etxearen ondoko eraikina bota eta berriak egiteko hitzarmena ere onartu zuen atzo Oñatiko udalbatzak. Hitzarmenak jasotzen du etxebizitza berriko bizilagunek kultura etxeko patioaren erabilera egin ahal izango dutela argiztatzeko eta aireztatzeko, adibidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak