Selma Huxley historialari kanadarra omendu du Oñatiko Udalak. Euskal Herriko historiaren ezagutzan egidanko lana eskertzeko ekitaldia egubakoitzean egin zuten Sancti Spiritus unibertsitatean. Michael Barkham semea lagun hartuta etorri zen 89 urte dituen emakumea eta oso hunkituta agertu zen jendez gainezka zegoen aretoan.
Historian aditua den Gerardo Elortza oñatiarrak hitz goxoak eskaini zizkion omenduari. Huxleyren seme, Barkhamek, ostera, haren ibilbidearen laburpena egin zuen. Haren aurkikuntza askoren berri eman zuen argazki zaharrak lagun, eta bitxikeriak ere kontatu zizkien. Hala, elkartutakoek oso gustura jarraitu zituzten haren kontakizunak. Hitzaldiaren ostean, omenaldiari egin zioten tartea. Izan ere, ekarpen handia egin dio Huxleyk Euskal Herriko historiari.
Selma Huxley zein izan den eta haren lanaren berri emateko beste ekintza batzuk ere egingo dituzte Oñatin.
Selma Huxley beka
Horrez gain Oñatiko Udalak laster argitaratuko duen Historia genero ikuspegitik ikerketa bekari Selma Huxley izena jartzea erabaki du.
Hain zuzen historialari kanadarrak aurkitu zituen Oñatin XVI. mendean Kanadan hondoratu zen San Juan baleontzi euskaldunaren gaineko dokumentuak, egun Pasaiako Albaola itsas kultur faktorian egiten ari diren erreplikaren jatorrizko itsasontzia.
Historiaren ikerketari ordu asko emandako emakumea asko poztu zen bekak bere izena izango duela jakitean.