50. urteurrena betetzen ari da aurten Aloña Mendiko txirrindularitza saila. Hori dela eta, urte berezia izaten ari da eta ohikoak ez diren hainbat ekintza eta proba antolatzen ari dira bertako kideak.
Hauen artean, junior mailako Gipuzkoako Klasikoa izango da kirol mailan oihartzun gehien izango duen proba. Izan ere, estatu mailako txirrindulari onenetarikoek hartuko dute parte, selekzio autonomiko guztietako taldeek. Horrez gain, Iparraldeko bi talde ere izango dira lasterketan. Guztira 180 txirrindularik korrituko dute.
117 kilometroko lasterketa izango da, Oñatin hasi eta bukatuko dena. Debagoieneko hainbat herri zeharkatuko dituzte txirrindulariek; Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate eta Bergarako errepideetan zehar ibiliko dira. Untzila mendatea bi aldiz igo beharko dute eta helmugatik gertu dagoen Santipillauko igoera labur baina gogorrean, lasterketa erabaki daiteke.