Goizean Txanda elkartearekin batera antolatu duten jolasean hartu dute parte hainbat gaztetxok. Brontzezko, zilarrezko eta urrezko gaztak bilatu behar izan dituzte herriko komertzioetan, eta hiru proba pasa.
Kalejira 12:30ean hasi da. Errementeri plazan, Kalegoiena, Kale Barrian eta kale Zaharrean barrena ibili dira 200 arratoi txiki Hamelin txistulariaren atzetik, ikuskizuna Foruen plazan bukatzeko. "Hiruzpalau hilabeteko lana izan da Arratoiak ikuskizuna eta gaurko festarekin bukatzen da. Gura izan dugu dena elkarlanean egitea, gurasoak ere inplikatuz. Hala, arratoien jantziak bakoitzak berea egin du etxean gurasoen laguntzarekin. Bestalde, herriko beste eragile batzuekin lan egitea ere gustuko dugu eta Altxorraren uhartea lanaren esperientzia ezagututa, Txandarekin egin dugu oraingoan ere. Pozik gaude emaitzarekin", adierazi du Ganbara abesbatzako zuzendari Aitor Biainek eguerdian. Dagoeneko proiektu berriak egiteko asmoa badutela gaineratu du Biainek.
Emankizunak
Kantua kalera ateratzeko ekimena izan da gaurkoa. Goizean kalejira eta arratsaldean emanaldiak egingo dituzte, 17:00etan eta 18:30ean, kiroldegian. Herriko ikastetxeetako abesbatzek abestuko dute emanaldi horietan, Kantua Kalean programako abesbatzek.