Arrikrutz-Oñatiko Kobak ireki zituztenetik Aste Santu jendetsuena izan da aurtengoa, eta bisitak Pazko Astera ere luzatu dira. Asteburuarekin bat eginez, gainera, Espeleotxiki irteera egin zuten zapatuan. Deialdiak arrakasta izan zuen, beste behin, gehienezko parte-hartzaile kopurua bete egin baita prestatutako ohiko ibilbidetik kanpo kobak dituen misterioak ezagutzeko.
Bertako zein Hego Euskal Herriko herrialde guztietako familiak zeuden Espeleotxiki-ko parte-hartzaileen artean. Kobetako harrera-lekuan azalpenak jaso, eta barneratu ziren, Arrikrutzerako ohiko sarreratik. Prestatutako ibilbidean behera joan, eta pasarela utzi zuten halako batean, kobazuloa bere berezko egoeran ezagutzeko.
Pasabide estuetan barrena pasa, erreka igaro edo eskaileretan gora eta behera ibili ziren neska-mutikoak, tarteka gidarien azalpenak jasoaz. Eta kobazuloak hainbat ezusteko oparitu zizkien, zenbait animaliatxo, esaterako.