Oñatiko Ganbara Txiki Abesbatzak Kantua Kalean ekimena aurkeztu zuen atzo, Eltzian. Ganbara Txiki, Txikitxo, Tailerrak eta Ikastetxeak Kantariko neska mutikoak protagonista dituen ekimena da.
Aurtengo gaia arratoiak dela kontuan hartuta, kalejira, musika eta koreografia ezberdinen bidez gai hori landuko dute egun osoan zehar.
200 bat haurrek hartuko dute parte ekimenean. Parte-hartzaile kopurua handia denez, antzerki musikatua bi aldiz eskainiko dute. Lehenengo emanaldian Ganbara Txiki, Txikitxo, Urgain eskolako abesbatza eta Elkar Heziko abesbatza izango dira. Bigarrenean, berriz, Ganbara Txiki, Txikitxo eta Txantxiku Ikastolako 2 abesbatzak.
Helburu nagusietako bat, besteak beste, ikastetxeen arteko harremanak sortu eta zabaltzea litzateke.
Hauxe izango da apirilaren 9rako antolatu duten programa:
- 11:30ean Oñatiko kaleetan zehar ARRATOIEN TXANDA jokua.
- 12:30ean Oñatiko kaleetan zehar ARRATOIEN kalejira, musikaleko ipuineko pertsonaiekin.
- 17:00etan ARRATOIAK antzerki musikatuaren lehen emanaldia plazako frontoian.
- 18:30ean ARRATOIAK antzerki musikatuaren bigarren emanaldia plazako frontoian.
Bereziki gaztetxoendako antzerkia izan arren, edozein adinetako lagunek gozatzeko modukoa dela nabarmendu dute antolatzaileek eta ikustera gerturatzeko deia luzatu dute.
Eguraldi txarra egingo balu, kiroldegiko frontoian izango litzateke arratsaldeko ekitaldia.