3.500 kilo batu ditu Hotz Oñatik Siriarako

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko mar. 18a, 13:31

Duela hilabete eskas sortu zen HOTZ OÑATI taldea, gerretatik ihesi dabiltzan errefusiatuei laguntzeko. Hara bidaltzeko produktu bilketa ari dira egiten egun hauetan Oñatin eta batutako zati bat Aste Santuan eramango dute, furgonetan, Calaiseko errefuxiatu kanpalekura.

Duela hilabete inguru sortu zuten hainbat herritarrek HOTZ OÑATI taldea eta aste honetan Siriako gerrako errefusiatuei laguntza materiala eta ekonomikoa batzeko kanpaina ari dira egiten. 50 herritar inguru ari dira lanean produktuak batu, sailkatu eta kaxetan sartzeko.

Oso erantzun ona izan du deialdiak. Herriko dendek ez dute eragozpenik jarri bilketa puntuak antolatzeko eta herritarrek produktu asko eman dituzte hara bidaltzeko.

 

Janaria latetan, lekaleak, arroza, pasta, umeendako fardelak… Oinarrizko produktuak ari dira banatzen. Batutako dena kaxetan sartu eta bidaltzeko behar bezala prestatzeko, 15 urteko eskarmentua duen Hermansaloña elkartearen laguntza du Hotz Oñatik. Talde biek bat egin dute honetan.

 

Bildutako bere tokira heltzeko ahalegin berezia egin du Hotz Oñati taldeak. Orain arte 3.500 kilo jaso dituzte. Kilo gehienak Seur Fundazioaren bitartez bidaliko dituzte Bartzelonara, handik Alambra Fundazioarekin itsasontziz bidaltzeko Atenasera. 1.200 kilo inguru, baina, Aste Santuan bidaliko dituzte, zuzenean. Hotz Oñati taldeko kide baten gurasoek eramango ditu furgonetan, Frantziako iparraldean dagoen Calais errefuxiatuen kanpalekura.

Bidalketaren jarraipena ere egiten dute, kontaktuan daude uneoro.

Kanpaina hau bihar bukatuko da baina litekeena da aurrerantzean kanpaina gehiago antolatzea Hotz Oñatik, beharren arabera.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak