Ertzainek nabarmendu zuten lehenengo gauza izan zen ez dagoela kalean beldurrez ibiltzeko motiborik, eta gutxiago Debagoienean, hemengoak iruzur txikiak edota indarrik gabeko lapurretak izaten direlako. Baina, horien kontra ere komeni dela neurri batzuk hartzea.
Esaterako, banketxera dirua ateratzera joan behar izanez gero norbaiten laguntzarekin egitea, diru kantitate txikiak ateratzea, edo etxeko ateko sarraila giltzaz ixteko ohitura hartzea. Hiriburuetan ez moduan, hemengo lapurretak indarrik gabekoak izaten dira.
Hainbat herritako zahar etxetan dabiltza berbaldiok egiten. Horiek antolatzearen motiboa ez da azkenaldian lapurreten edo iruzurren kopuruak gora egin duelako, bestela, kontzientziazio kanpaina baten barruan egiten dituzte. Eta, Aste Santuko oporraldia bertan daukagula ikusita, gomendio batzuk eman dituzte.