Oñatiko Eskolako Bidea proiektuaren barruan, ikasleek galdera hauei erantzun behar izan diete argazki bitartez: eskolako bidean zer gustatzen zait? Zer ez? Horrekin, Udalak eta herriko ikastetxeek jakin nahi izan dute eskolako bideari buruzko umeen ikuspuntua zein den eta argazki lehiaketa bat jarri zuten martxan, gurasoekin ere etxean gaia lantzeko aitzakiarekin.
Atzo, astelehena, zabaldu zuten erakusketa kultura etxean eta bertan ikusgai egongo dira egubakoitzera arte lehiaketarako jaso dituzten 99 argazkiak. Galdera nahiko zabala zen eta askotariko argazkiak aurkeztu dituzte gaztetxoek lehiaketara.
Irabazleak
Irabazleak zeintzuk diren ere atzo esan zuten. Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara bitarteko irabazlea Jon Markez izan zen, eta LHko 5. mailatik DBH 2ra bitarteko mailan, berriz, Iñaki Larrañagak jaso zuen saria. Biek GoPro estiloko kamera bana jaso zuten opari.
Argazki lehiaketa, haurrak eskolara modu ez motorizatuan joateko helburuarekin, herrian egin den beste sentsibilizazio ekintza bat izan da.