Txiki geratu da gaur eguerdian Oñatiko Santa Ana antzokia Erain taldearen aurkezpenean, herritarrek goraino bete dute-eta. Erabakitzeko eskubidearen alde orain arte egin den bidearen errepasoa laburbildu duen bideo batekin hasi da aurkezpena, eta ondoren Maider Arregik, Jose Luis Madinagoitiak eta Ibis Rodriguezek hartu dute hitza,
Erain Debagoienak herri galdeketara heltzeko planteatu dituen urratsak azaldu dituzte, eta esan dute galdeketaren zilegitasuna aldarrikatzeko eta bermatzeko Oñatin, gutxienez, 1.100 sinadura lortu gura dituztela. Gaineratu dute prozesuaren eragilea Erain izan arren, gauzatuko dutenak herritarrak direla, eta hala, ekainaren 12an egitekoa den herri galdeketan parte hartzeko deia egin diete 16 urtetik gorako oñatiar guztiei.
Zentzu horretan, gaur egun Oñatitik kanpo dauden herritarren, esaterako Markel Irizarren, Ruper Ordorikaren eta Fermin Etxegoienen, hitzekin osatutako beste bideo bat ere eskaini dute, herritarrak botoa ematera joateko animatuz.
Erronka, gaindituta
Aurkezpenaren ondoren bertaratu diren guztiekin talde argazki erraldoia atera ostean hasi da ofizialki sinadura bilketa. Lehenengo egunean sinaduren herena lortu dute, eta balorazio oso positiboa egin dute Erain taldekoek: "Erronka bat zen guretzat ekitaldia Santa Ana antzokian egitea, eta oso pozik gaude goraino bete delako".
Bihar, domeka, 12:00etatik aurrera egongo dira Foruen plazan sinadurak biltzen eta datozen egun eta asteetan ere egongo da sinatzeko aukera.