Gai zerrendako bigarren puntua zen kale garbiketa zerbitzuarena. Udal Gobernuaren proposamena da zerbitzu hori udalak kudeatzea urritik aurrera, ekonomikoki jasangarria delako eta kalitate ona bermatu gura duelako.
Gai zerrenda jarraituz, Udalak eta Aloña Mendiren arteko hitzarmena onartu zuen udalbatzak aho batez, baita Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa ere; EAJk lau puntu gehitu zion testuari eta aho batez onartu zuten.
Galde erreguen tartean, bestalde, otsailaren 19tik 21era Oñatin egin ziren Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketen harira batzokiko horman agertu ziren pintadak izan zituzten hizpide. Ekintza hori salatzea eta babesa ematea eskatu zion Elgarrestak Biaini.
Alkateak erantzun zion salatzen zutela ekintza hori eta elkartasuna adierazi zion alderdi jeltzaleari, baina gertaerak salatzeko EAJk irakurri zuen testu guztiarekin ados ez daudela adierazi zuen alkateak, gazteak iritzi kritikoarekin hezi behar direla diotenari buruz gaztetxeek euren lana egin dutelako eta gazte denak zaku berean sartu dituela iritzita.
Otsailaren 25ean zen egitekoa otsaileko ohiko osoko bilkura Oñatin, baina bilkura hasi baino lehentxeago Miren Elgarrestaren aita hil zen eta Udal Gobernuak erabaki zuen osoko bilkura bertan behera uztea. Elgarrestak eskerrak eman zizkion Biaini keinu horregatik.
Duela 40 urte Gasteizen izandako gertaera salatuz bukatu zen atzoko osoko bilkura.