'BiziPoz', zahartze aktiboa lantzeko programa berria Oñatin

Maite Txintxurreta 2016ko ots. 18a, 16:40

Zahartze aktiboa sustatu nahi duen erretiratuei zuzendutako BiziPoz proiektu berria aurkeztu zuten eguaztenean Oñatiko Kultura Etxean. Lidergo eta ekintzailetza graduko ikasle talde batek sortutako Want enpresak eroango du proiektua, Oñatiko Udalaren laguntzarekin. Formakuntza doan izango da.

Bi hilabeteko programa bat izango da, eta gizarte proiektu berriak sortzea izango du helburu, herriaren eta parte hartzaileen beharretan oinarrituta. Martxoan hasiko da eta 55 urte baino gehiago duten eta erretiratuta dauden herritarrei zuzenduta dago.
Martitzenero bi orduko tailerrak egingo dituzte Bidebarrietako Euskaldun Berria Gelan, . eta bertan adituen laguntza izango dute. "Oso tailer dinamikoak izango dira", dio Eider Etxeberria antolatzaileak.

Egubakoitzetan, berriz, ordu erdiko tutoretza saioa izango dute Want enpresakoen eskutik. Nagusiki bi arlo jorratuko dituzte: osasuna eta gizartea.

Taldekako dinamikak

Tailerretan taldeka egingo dute lan, eta talde bakoitzak gizarte proiektu bat aurrera eramango du. Antolatzaileek nabarmendu dute programaren helburua, behin tailerrak amaituta, proiektu horiek jarraipena izatea dela.
Atzo Kultur Etxean egin zuten aurkezpenean, herriko hainbat ekintzatan dabiltzan bi adineko pertsonak, Asun Arsuagak eta Rafael Kortabarriak, euren testigantzak kontatu zituzten. Gainera, Markel Irizar txirrindulariaren bideo bat proiektatu zuten, parte hartzera dei egiten.

Izen ematea

Izen emateko formularioak Pake Lekun eta Bidebarrietako lokalean izango dira eskuragarri. Bertan, interesatuek tailerretarako ze ordutegi nahiago duten idazteko aukera daukate. 646 263 050 telefonora deituta edo eider.want@gmail.com helbide elektronikora idatzita ere egin daiteke. Epea otsailaren 25eraino dago zabalik. Izena ematen duten pertsonekin ordu laurdeneko elkarrizketatxo bat egingo dute banan-banan antolatzaileek, bakoitzaren profila ezagutzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak