Argiaren hotsak erakutsiko ditu Ganbarak hilaren 31n, "erabat ezberdina" izango den ikuskizunean

Argiaren Hotsa izango da 2016ko Ganbara abesbatzaren ikuskizun handia. Urtarrilaren 31n estreinatuko dute Mikel Goiangeruaren parrokian (19:00) eta atzo egindako aurkezpenean nabarmendu zutenez, orain arteko produkzio konplexuenetakoa da teknikari erreparatuz gero. Diotenez, ez dute inor axolagabe utziko. 

Ganbara abesbatzaren sorkuntzarako abileziak eta kemenak ez du mugarik, eta horren adibide garbia izango da urtarrilaren 31n, arratsaldeko zazpietan, Mikel Goiangeruaren parrokian estreinatuko duten Argiaren Hotsa ikuskizuna. 

Ikuskizun multidiziplinarra

Orain arte Ganbara abesbatzak egin duen produkzio lan konplexuenetakoa izango da Argiaren Hotsa. Espektakulu multidiziplinarra da, musika, ahotsa, argia, irudia eta poesía batuko dituena. Aurreratu dutenez, ikuskizun ezberdina izango da. 

Gidoia, Salamerorena

Ganbara eta Ganbara Txiki abesbatzekin batera, Andoni Salamero euskal filologoa arduratu da testuaz. Izar baten papera hartuko du Salamerok eta izar horren bidaia kontatzea izango da haren egitekoa, antzezpen eta guzti. Argiaren Hotsa erronka berri bat izango da Salamerorendako. 

Testua ikuskizun honetarako propio sortu dute, musika ez bezala. Hau da, aurrez sortutako musika gidoira egokitu dute. Urtebete daramate proiektu honekin eta jende asko mugitu behar izan dute Argiaren Hotsa errealitate bihur dadin. 

Sarrerak salgai

Sarrerak erosteko hiru bide daude: Txokolateixian, Ganbarako webgunean eta www.ganbara.sacatuentrada.es atarian. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.