Partidua hasi aurretik minutu bateko isilunea egin dute Azkoagainen Parisko atentatuak salatu eta biktimei elkartasuna adierazteko eta jokalari oñatiarrak kamiseta bereziekin zelairatu dira Txorkos-i babesa adierazteko. Lehen 15 minutuak aukera aipagarri barik igaro ostean, Julen Palaciosek gola egin du Gaizka Zelaiaren erdiraketa ia nahi barik errematatuta. 1-0ekoa egin ostean oñatiarrek oriotarren erreakzioa galarazi dute eta markagailua alde zutela, jokoaren jabe egin dira.
2-0ekoa eta txartel gorria
33. minutuan heldu da bigarren gola eta Julen Palacios aurrelari altua izan da protagonista berriro ere; Orioko defentsa baten eta atezainaren arteko gaizkiulertua aprobetxatu du Palaciosek buruz 2-0ekoa egiteko. Lehiako protagonistetako bat izan da Palacios, bi golak egiteaz gain, etxekoen erreferentzia nagusia izan da-eta aurrealdean. Eta hori gutxi balitz, 2-0ekoa egin eta bost minutura Orioko taldeko jokalari bat egotzi du epaileak, sarrera oso itsusi baten ostean. Orokorrean joko garbia izan bada ere, tarteka sarrera itsusiak ere ikusi ahal izan dira.
Orioko gora bigarren zatian
Bazirudien garaipen erosoa lortzeko eguna zela gaurkoa Azkoagainen, baina Orioko borroka gosez irten da bigarren zatian. Lehen bi minutuetan hiru aldiz jaurti dute atera, Aloña Mendik lehen zatian erakutsi duen kontzentrazioa apur bat galdu duela aprobetxatuz. 59. minutuan heldu da 2-1ekoa, Gonzalez de Txabarri zelairatu berriak area kanpotik egindako jaurtiketa eder bati esker. Orioko berdinketan sinesten hasi da eta izan dute aukeraren bat edo beste; eskerrak ez duten asmatu. Azken minutuetan behera egin dute oriotarrek, baina horrek ez du galarazi berdinketarekin mamua agertu izana zenbait jokalditan, bereziki baloi geldikoetan. Amaieran, merezitako hiru puntu Aloña Mendirendako.