Erabiltzaileak eta Udal ordezkariak pozik San Martin auzoko autokarabana gunearen inaugurazioan

Txomin Madina Milikua 2015ko aza. 9a, 17:30

"Sekulako gunea da; behar ditugun zerbitzu guztiak ditugu eta paraje zoragarrian dago. Asko eskertzen diogu Oñatiko Udalari horrelako gune baten aldeko apustua egitea" esan dute gunearen erabiltzaileek. Udaleko ordezkariak ere gustura dira Sorbeltz elkartearekin batera egin duten deialdiak izan duen harrerarekin: "Jende asko etorri da eta beste gune bat egokitu behar izan dugu San Martinekoa txiki geratu da-eta. Pozik gaude erabiltzaileen ahotik, gustuko gunea dutela entzutean" esan du Ana Martinek, Turismo eta Sozioekonomia saileko zinegotziak.

Uztaila ezkero dago gunea erabilgarri baina gaur, zapatua, egin dute inaugurazio ekitaldia. Han batu dira Euskal Herriko askotariko txokoetatik etorritako 100 autokarabana-jabeak eta Udal ordezkariak. Ana Martin zinegotziak, bertaratutako guztiei eskerrak eman ondoren, gune berriarekin, Udalak herria turismora zabaltzeko beste pausu bat eman duela gaineratu du. "Oñatik asko du turistei eskaintzeko, gauza asko daude ikusteko eta gozatzeko. Ez dugu turismo masiborik helburu, baina askotariko turistak gura ditugu herrira erakarri. Asmo horrekin hasi ziren aurreko legealdian autokarabanen gune bat egokitzerik bazegoen aztertzen eta oraingo udal gobernuak lan horiek borobildu ditu. Hamazortzi autokarabanentzako tokia dago, mahaiak eta eserlekuak ditu, iturria eta ur-zikinak uzteko tokia ere bai; eta laster, komunak jarriko ditugu eta orduan bai, beharrezko zerbitzu guztiak izango ditu. Pozik gaude emaitzarekin".

Sorbeltz autokarabanazaleen elkartekoek hitza hartuta, Euskal Herrian horren ondo prestatuta dauden gune gutxi daudela esan dute eta horregatik, bada, eskerron moduan, plaka bat oparitu diote Udalari.

Herria barrutik ezagutzeko, bisita gidatua

Ekitaldi ofiziala bukatuta, taldeka banatu eta Oinatur-eko gidariekin herriko alde zaharra ezagutzera joan dira; eta segidan, Txokolateixa bisitatzeko aukera ere izan dute. Egitarau ofizialari baina, txokolatada bat ere gehitu diotela azaldu du Jesus Gallegok, Sorbeltz elkarteko lehendakariak: "Gunean batu garen guztiontzako txokolatea prestatzeko borondatea azaldu du lagun batek; beraz, bakoitza litro bat esne ekartzeko prest bazaudete elkarrekin dastatuko dugu txokolate goxoa iluntzean".  

"Plan borobila da, lagun berriak egin eta ezagutzen ez genuen herri ederra barrutik ezagutzeko. Atzo etorri ginen gu eta herrian oso ondo hartu gaituztela sumatu dugu. Ez da hori beti horrela izaten; toki guztietan ez gara ongi-etorriak" kontatu du Irunetik etorri den Juanjo Bermejok; eta zera gaineratu du Igeldoko Pedro Etxanizek: "Gune honetan, gehienetan moduan, hiru egunetan akanpatzeko aukera dugu. Nahikoa da, guri gustatzen zaigun bidaiatzeko modua, ibiltaria da, eta gutxitan geratzen gara horiek baino egun gehiago toki berean. Denetik dago, baina orokorrean, gunera heldu garenean besteko ondo uzten dugu alde egiterakoan. Gure helburua gu bertan izan ez garela igartzea da". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak