Morano, Espejo eta Etxarte poetak eta Sarriugarte idazlea izan zituzten lagun oñatiarrek literaturaren gaineko mahai-inguruan. "Solasaldi polit bat izatera etorri naiz, aberasgarria izango delakoan", zioen Sarriugartek ekitaldi hasieran. Literaturaren funtzio soziala gai hartuta jardun zuten berriketan, eta beste gai batzuen artean kontatu zituzten jendearen aurrean zelan moldatzen diren, kritikak zelan hartzen dituzten eta zertarako idazten duten.
Irakurketa saioak azaroan hasita
Sarriugarte izango da Tertulixan irakurleen klubeko moderatzailea eta lehenengo saioa azaroaren 19an egingo dute. Uxue Apaolazak idatzitako Umeek gezurra esaten dutenetik ipuin liburuaren gainean jardungo dute. "Tertuliek aukera ematen dute zuk irakurritako horri beste toki batzuetatik begiratzeko. Eta benetan aberasgarria da liburuen gainean jarduteko elkartzea", dio moderatzaile izango denak.