'Aitto'-ren anaia Gerardo Plazaolak adierazi duen moduan, Frantziak bertan behera utzi du Albertoren kontrako euroagindua. "Abokatuak eskatuta zuen, eta martitzenean ikusi genuen fiskala ere ados zegoela agindu hori bertan behera uztearekin, zentzurik ez zuelako. Paue-ko auzitegiko epaileek gaur eman dute jakitera sententzia eta euroagindua bertan behera uztea ebatzi dute. Kontrol judiziala ere kendu diote. Berri onak dira. Pozik gaude", adierazi du Gerardo Plazaolak.
Irailaren 7an atxilotu zuten 'Aitto' eta 8an aske utzi zuten, baina bi baldintza hauekin: Pirinio Atlantikoko departamendutik ezin ateratzea eta astean birritan joan behar izatea Baionako komisariara sinatzea. Orain, baina, debeku horiek ez ditu bete beharko, kontrol judiziala kendu diotelako.
Berriak onak izan arren, Espainiak estradizioa eskatuko duen beldurra ere badu 'Aitto'-ren sendiak. "Estradizioaren aurretik euroagindua eskatu du Espainiak eta estradizioa eskatu arren hori gauzatu arte Alberto libre egon daiteke. Espainiak estradizioa eskatuz gero bigarren prozesu bat jarriko litzateke martxan, baina momentuz, ez du eskatu", adierazi du Gerardo Plazaolak.