Oñatiko jaiak 2015

Behe Nafarroko Donamartirira joan da 56. Artzain-txakurren sari nagusia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko ira. 27a, 19:09

"Txapelketa polita izan da; txakur mota ezberdinak izan dira eta horiekin lana egiteko modu ezberdinak ikusteko aukera izan da. Lehenengo seien artean izan den berdintasuna ikaragarria izan da" azaldu du epaimahaiko kide batek saridunak aukeratuta. Gilles Etxegoien Behe Nafarroakoa eta haren Gaua txakurra izan dira garaileak, eta haren segidan etorri diren, Fidel Alonso arabarrak Suit txakurrarekin, eta Jose Mari Pleguezuelosek, King txakurrarekin, osatu dute podiuma.

"Biziki kontent nago; oso ondo joan da, kontent naiz eta hunkituta ere bai" kontatu du Gilles Etxegoienek, Oñatiko 56. Artzain-txakur lehiaketako txapeldunak. "Hirugarren aldiz etorri naiz Oñatira, lehia gogorra izan da, gaurkoa. Laborantzan jarduten dut eta txakurrarekin egunero egiten dut lan; ondo entrenatuta dago, beraz. Maila handia izaten da baina, Oñatikoan".

Bengoa, hesiaren bi aldetan

Etxegoienen iritzi berekoa da urte askoan antolatzaile lanetan dabilen, eta aurten lehen aldiz lehiakide moduan ere parte hartu duen Joxe Mari Bengoa oñatiarra: "Aurtengo maila ona izan da bai, akats batzuk izan dira, ardiek arran asko zituztela... Zaila izan da baina ondo atera da dena. Oñatira datozen txakurrak ikusgarriak dira". Apur bat urduri eta nahastuta ibili dela aitortu du oñatiarrak, hesiaren bi aldetan egon da-eta aurten, hala ere egindakoaz gustura azaldu da: "Eder-en eta bion lanaz gustura nago; lehenengo ariketan ardiak ikusitakoan, ezin zuzendu ibili naiz eta banderatan hutsegiteak izan ditugu, eta duda barik, astean gutxi entrenatu dugulako izan da hori. Antolaketa kontuak direla-eta, denerako denbora ezin atera ibili naiz.  Pozik geratu naiz Ederrek ardiekin egin duen lanarekin".

Antolatzaile taldeko kide moduan iritzia eskatuta, Bengoak dio "aurtengoa ere politto" atera dela. Hala ere, Txapelketaren etorkizunarekin kezkatuta dagoela ere adierazi du: "Pittin bat nekatu egin gara eta antolatzaile berrien bila ari gara, baina ez da jende nahikoa animatzen. Pentsatzen ari gara zer egin, jarraitu ala bertan behera utzi. Pena da, 656. izen handia du hemengoak; hemendik kanpora are handiagoa. Txapelketarik garrantzitsuenetakoa da.

 Sailkapen osoa

  1. Gaua / Gilles Etxegoien (Donamartiri, Nafarroa Beherea), 334 puntu.
  2. Suit / Fidel Alonso (Areta, Araba), 324 puntu.
  3. King / Jose Mari Pleguezuelos (La Canonja, Tarragona), 316.
  4. Witney / Hilari Novillo (Santpedor, Bartzelona), 313 puntu.
  5. Jai / Antonio Alustiza (Areso, Nafarroa), 251 puntu.
  6. Xusco / Miguel Adrover (Felanitx, Mallorka), 240 puntu.
  7. Riki / Enrike Mendiguren (Orozko, Bizkaia), 149 puntu.
  8. Leze / Jose Mari Jauregi (Ilarduia, Araba), 134 puntu.
  9. Seiko / Eneko Serrano (Orozko, Bizkaia), 114 puntu.
  10. Eder / Joxe mari Bengoa (Oñati, Gipuzkoa), 113 puntu.
  11. Dover / Ismael Bois (Morella, Castello), 112 puntu.
  12. Gump / Gerard Esprabens (Arette, Frantzia), 93 puntu.
Erlazionatuak

Artzai txakurren LVI. txapelketa Oñatin

Maite Txintxurreta 2015 ira 27 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak