Iaz berreskuratu zuten Argia Eguna eta aurten Oñatin ari dira ospatzen Donostialdearen ostean harpidedun gehien dituen eskualdea delako Debagoiena. Ekintzaz beteriko asteburua antolatu dute Oñatin, Argia Eguna dela-eta, eta zapatua indartsu hasi dute. Goizean, Gerardo Elorzak gidatutako bi ordutako ibilbidea egin dute herritar dezentek eta ibilbide hori girotzen izan dira bertso eskolako hiru lagun: Egoitz Aizpuru eta Maider eta Urko Arregi anai-arrebak.
Eragileen azoka
Eguerdian, berriz, hainbat eragilen azoka izan da pilotalekuan eta jende ugari bertaratu da. Hogei elkarte inguruk euren erakusleihoa jarri dute eta tartean izan dira, Oñatiko Ortuzabala kontsumo taldekoak, Erein Da Janekoak, Fiare Banku Etikoa babesten dutenak, Euskal Memoriaren Fundaziokoak, Bagarakoak, Txatxilipurdikoak, Eltziakoak, Txirrinka Oñatiko Bizikletazaleen Elkartekoak...
Argiako kazetari Unai Break adierazi du oso garrantzitsua dela eurendako eragileen azokak Argia Egunean presentzia izatea: "Hori da gure astekarian eta webgunean daukagun filosofia: mundua aldatzen ari direnekin harremanetan egotea, euren ekimenen berri emateko eta txikitik eragiten jarraitzeko".
Argia berritua
Azarotik aurrera diseinu berria izango du, gainera, Argia astekariak eta zero zenbakia ikusteko aukera ere izan da. Bertaratu diren eragileetako ordezkariekin eta herritarrekin Argiakoek euren iritziak jaso ahal izan dituzte zuzenean.
Harpidedunen garrantzia
Harpidetza bakoitzarekin, are independenteago lelopean, herritarrei babesa ere eskatu diete "kazetaritza zintzoa, loturetatik kanpokoa eta askea" egin dezaten.