Hezurrak zaintzeak duen garrantziarekin jabetu dira Pake Lekuko erretiratuak

Mirari Altube Arrese 2015ko eka. 17a, 16:40

Erretiratuen Astea egiten dabiltza Oñatiko Pake Leku elkarteko kideak eta atzo Jose Ramon Galartza medikuak osteoporosiaren gaineko azalpenak eman zizkien. Gaiak ikusmina sortu zuen eta 200 bat lagunek jarraitu zituen mediku oñatiarraren azalpenak Santa Ana aretoan.

Bergarako eta Oñatiko erretiratuen abesbatzen emanaldiarekin astelehenean hasi zuten Erretiratuen Astea Pake Lekuko kideek. Asialdiari ez ezik, osasunari ere egin diote tartea astean eta Gure hezurren etorkizuna izenarekin Jose Ramon Galartza mediku oñatiarra gonbidatu dute.

Osteoporosia gero eta garrantzi handiagoa duen gaitza dela jakinarazi die horrek. Eta gakoa prebentzioan dagoela azpimarratu: "Garrantzitsua da jatekoa zaintzea, hau da, osasuntsu jatea; eta kirola egitea, norberaren adinari egokitutako kirola, baina geldi ez egotea".

Zaintzak, baina, ez direla utzi behar erretiratze ordurako uste du, gaztetan hasi behar direla. Izan ere hezurrek masa handiena 30 urterekin lortzen da eta behin 50 urtera iritsitakoan galtzen hasi. Emakumeek gainera, kontu handiagoa izan behar dutela gogorarazi du: "Menopausia garaian hezurrek kaltzio asko galtzen dute. Hortaz, osteoporosia dator, eta horren ondorioz hezur apurketak izateko arrisku handiagoa dago".

Erretiratuen Eguna domekan

Beste hitzordu batzuk ere badituzte Pake Lekukoek astean. Bihar, eguena, bingo berezia egingo dute 17:00etan eta egubakoitzean txokolatada eta dantzaldia, 17:30ean; biak dira Pake Lekun. Egun handia, baina, domekan izango da: "Tradizioari eutsita meza nagusia izango dugu lehenengo, eta gero kiroldegian bazkalduko dugu. Opariak banatu eta nagusienak omenduko ditugu: Elena Murgiondo eta Inaxio Arregi", jakinarazi du Tomas Igartuak, elkarteko presidenteordeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak