"Legeak aginduz" edo "legeak behartuta" esanez hartu dituzte zinegotzi karguak agintaldi berriko udalbatza osatuko duten 17 kideek. Mikel Biainek ere hitz horiekin egin dio zin bere alkate karguari; hamar boto jaso ditu berak eta zazpi EAJko Miren Elgarrestak.
Eskerrak emateko izan dira Biainen lehen hitzak. Eskerrak etxekoei eta eskerrak pasa den agintaldiko udalbatza osatu duten zinegotziei. Ongietorria ere egin die zinegotzi berriei.
Alkate kargua ilusioz hartu duela dio, ez hasi-berriaren ilusioz, duela lau urte bezala, baizik egindako lana baloratua izan delako eta indartuta atera direlako.
Aste pare bar barru hasiko ei da Udal Gobernu berria lanean eta lehentasuna emango dio EH Bilduk hauteskundeetara aurkeztu zuen programaren betetze maila ahalik eta onena izatear. EAJri euren proposamenak egiteko deia ere luzatu die.
EAJko Miren Elgarrestak, bestalde, alkate berria zorionduz hasi du ekitaldirako prestatu duen testua. Eskerrak eman die berak ere aurreko zinegotziei eta baita alderdiari ere, beregan eta bere taldearengan jarritako konfiantzagatik. Ados agertu da Biainek aipatutako puntu batzuekin eta oposizioa egingo dutela adierazi du.
Ordezkaritza politikorik lortu barik gelditu diren herritarrak ere aipatu ditu Biainek, eta udaleko ateak guztiendako zabalik egongo direla aipatu du. Bukatzeko, arrazoi ezberdinengatik ekitaldian egon ezin izan dutenak ere ekarri ditu gogora, tartean preso eta ihes eginda dauden oñatiarrak.
Ordu erdi eskas iraun du udalbatza berria eratzeko ekitaldiak. Semeak eta ilobak lore sorta oparitu diote eta hori eskuan duela jaso ditu zinegotzi berrien eta osoko bilkuren aretora joan diren herritarren zorionak.
Gotzon Osinagak alkate doinua txistuaz jotzen zuen bitartean jaitsi dituzte 17 zinegotziek udaletxeko eskailerak eta kontzejupean aurreskua dantzatu diete.