Oñatiko Hijos de Juan de Garay enpresako langileek bi egun egingo dituzte greban. Atzo hasi ziren eta gaur goizean ere enpresaren atarian izan dira jarri dituzten pankartekin, hitzarmen duin bat eskatzen.
Euren soldaten %1,5eko igoera eskatzen dute langileek, hain zuzen. Enpresa komitetik gaineratu dute negoziaketekin dabiltzala iazko uztailetik, baina kasurik ez dietela egiten eta bi asanblada egin ostean, greba egitea erabaki dutela. Adierazi dute baita ere, soldataren %1,5 igotzea ez dela "asko" eskatzea, enpresa egoera "hobean" dagoelako gaur egun. Izan ere, gaineratu dute Mexikon fabrika bat jarri behar dutela, eta horretarako, bost milioi inguru erabiliko dituztela.
Salatu dute baita ere gaur egun 350 langile daudela Hijos de Juan de Garay enpresan, duela lau urte baino 40 lagun gutxiago, eta ekoizpenean errekorrak egiten ari direla.
Bihar, batzar orokorra
Bi egunetako greba egin ostean, bihar lanera joango dira eta batzar orokorra egingo dute. Han negoziatzen dutenaren arabera, erabakiko dute langileek grebarekin jarraitu ala ez.
Bestalde, enpresaren ikuspuntua jaso nahian Goiena saiatu da Hijos de Juan de Garaykoekin kontaktuan jartzen, baina momentuz ez du erantzunik jaso.