Izan ere, gaur, martxoak 28, betetzen dira 500 urte Santa Teresa Jesusekoa jaio zela Avilan (Espainia). Urteurren hori izan du kontuan Jose Inazio Munilla Gipuzkoako gotzainak Arantzazun eguerdian egin duen homilian. Sirian eta Iraken bizi duten egoera ere ekarri du gerora, eta "jazarpen egoeran bizi diren kristauen" alde egin behar dutela esan du.
Eman hitza errukiari irakur zitekeen pankarta eramaten joan da Arantzazuraino Munilla gotzaina eta haren atzetik Gipuzkoako hainbat herrietatik etorritako erromesak, hala nola: Aiatik, Donostiatik, Azpeititik, Villabonatik, Eibartik, Oñatitik, Debatik, Elgetatik, Ibarratik edo Aizarnazabaldik. Gehienak, autobusetan. Donostian ikasten ari diren estatubatuarrak, zaragozarrak, nafarrak eta Boliviakoak ere bazeuden erromesen artean. Baita Nigeriako mutil bat ere (hauteskundeak dituzte gaur han).
09:30ean puntuan abiatu dira Soraluze paretik, Iñaki Beristainek guztiei egun onak eman ostean; aitaren eginda abiatu dira.