Agintaldi honetan Berdintasun zinegotzia izan den Maialen Urtzelaik hartu du hitza ekitaldia hasteko. "Duela lau urte, ideia eta helburu garbiekin hasi genuen gobernu-jarduna: ordura arte sustatuko eredua errotik aldatzea. Eta ez dugu zalantzarik hein handi baten lortu dugula", azaldu du Urtzelaik. Zerrenda berria osatzen dutenei animoak eman ostean, gero gainerako guztiek egin duten moduan, bere eserlekua zerrenda berriko pertsona batekin elkartrukatu du txalo artean.
Josu Lizarralde zinegotziak EH Bilduren oinarriak zerrendatu ditu aurkezpenean: "Gure oinarriak dira aldebakartasuna, indar metaketa eta herri aktibazioa". Azken horri lotuta, autokritika ere egin du Lizarraldek: "Orain arte EH Bilduren jarduera ia guztia erakundeetakoa izan da; baina ezinbestekoa da kalea zapaltzea, kaleko mugimenduetan sartzea, eta horretara goaz. Lan instituzionala beharrezkoa den arren, ezin dugu perspektiba galdu".
"Oinarri sendoak ezarri ditugu"
Mikel BIain alkateak, eta hauteskundeetan alkategaia izango denak, bere aldetik, eskerrak eman dizkie agintaldi honetan bidelagun izan dituen taldekideei eta esan du azken lau urteotan oinarri sendoak ezarri dituztela Oñatin epe luzeko proiektu bat garatzeko. Etorkizunera begira esparru ezberdinetan dituzten asmoak azaldu ostean, esan du erronkei aurre egiteko talde sendoa osatu dutela: "Adin eta alor ezberdinetako pertsonak izango gara EH Bilduren udal taldea osatuko dugunak. Sindikalismotik, enpresa mundutik, gazte mugimendutik, mugimendu feministatik, aniztasun funtzionalen mugimendutik, irakaskuntzatik, euskalgintzatik datorren jendea dugu, baita, esaterako, etorkinekin lan egiten duena ere".
Aurreko agintalditik alkatea bera, Nerea Zubia eta Oier Irizar dira zerrendan errepikatzen diren izen bakarrak, eta horren inguruan galdetuta, Biainek adierazi du udaletxeko ezagutza eta lau urteotako esperientziaren transmisioa bermatuta dagoela. [Zerrenda osoa, behean]
"Talde lana da gure ikur nagusiena"
Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagai Xabier Olanok ere hitz egin du ekitaldian. "Lau urteotan egindakoa lan zaila izan da, garai zailak izan dira-eta: ekonomikoki krisi garaia; eta herentziaz jasotako zorrak eta ustel usaina duten kasu gehiegi ere izan ditugu. Horri guztiari aurre egin behar izan diogu". Aurrera begira lan egin beharra gaineratu du: "Lan egiten duenak, lehenago edo beranduago, emaitza onak jasotzen ditu. Talde lana da gure ikur nagusiena".
Gaineratu du EH Bilduren Gipuzkoarako programa 500 herritar baino gehiagoren ekarpenekin osatu dutela, eta programaren zutabe nagusiak azaldu ditu: "Ongizate politikak lehenestea; enplegu politikak sustatzea; fiskalitatean progresibitatea; eta euskara".
Oñatiko EH Bilduren zerrenda (ordena ez dute zehaztu)
- Mikel Biain
- Nerea Zubia
- Oier irizar
- Kepa Zelaia
- Susana Altuna
- Borja Moiua
- Aitziber Legorburu
- Gari Ibarzabal
- Esther Moiua
- Irati Etxeberria
- Rafael Kortabarria
- Leire Zumalde
- Ana Martin
- Jose Antonio Amundarain
- Maider Usandizaga
- izaskun Urteaga
- Iñaki Aiastui
- Lurdes Arregi
- Rafael Erostegi
- Aitor Orueta