Hogei puntu izan zituen atzo Oñatiko udalbatzak egin zuen martxoko osoko bilkurak. Tartean lau mozio, horietako bi herri plataforma banak aurkeztuta.
Hilaren 24an Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna izan da eta horren harira duela 25 urte Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra hilda agertu ziren Irunberriko gertaerak argitzeko mozioa aurkeztu zuen atzo Oñatiko Euskal Memoria Taldeak.
Mozioaz jaso zuten Guardia Zibilaren ordu askotako setioaren ondoren izan zirela gertaera horiek eta egun eta leku hartan pasatutakoaren xehetasunak Guardia Zibilak bakarrik dakizkiela. "Gertaera hura gure herriko historia hurbilaren parte da eta ezin dugu ahaztu. Hala, beharrezkoa iruditzen zaigu memoria egin eta gure ondorengoei han gertatutakoa jakinaraztea. Horregatik eskatzen diogu udalbatzari gertatutakoa argitzeko informazioa eska diezaietela Guardia Zibilari nahiz Espainiako Gobernuaren ordezkariari", irakurri zuen Irati Goitiak Oñatiko Euskal Memoria Taldearen izenean. Aho batez onartu zen mozioa.
Bailarako beste herri askotan egin duen bezala, Oñatin ere aurkeztu zuen mozioa Ordaindu plataformak, Fargor etxetresnen eta Edesaren itxieragatik kaltetutako taldeak. Aho batez onartu zen mozio hori ere. "Instituzioei laguntza eskatzen diegu gure arazoak konpontzeko eta MCC mahai baten inguruan esertzeko udaletxeak bitartekaritza aktiboa egitea", adierazi zuen Jesus Sasiainek Ordaindu plataformako kideen izenean.
Bestalde, EH Bilduk beste bi mozio aurkeztu zituen. Lehena, Udal Lege egitasmoaren ingurukoa eta bigarrena Fracking-a behin betiko debekatzeko beharrari buruzkoa. Eusko Alderdi Jeltzaleak aurkako botoa eman zuen lehenaren bozketan, eta abstenitu egin zen bigarrenean, nahiz eta adierazi fracking-aren aldeko posiziorik ez duten.
Mozioak alde batera utzita, udalbatzak onartu zituen puntuen artean: Ingurumen izaerako bekaren oinarri arautzaileak, gazte emanzipaziorako dirulaguntza eta Bidebarrieta kaleko lau garaje errentan emateko baldintzak.
Osoko bilkura osorik botako dute Goiena Telebistan: zapatuan 13:00etan eta 19:00etan; domekan, 21:30ean eta astelehenean, 15:00etan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!