Enpleguaren aldeko bi puntu onartu ditu aho batez Oñatiko udalbatzak

Amaia Txintxurreta Guridi 2015ko ots. 27a, 14:20

Batetik, enpresa berrien sustapenerako eta langabetuen kontrataziorako laguntza 100 langile baino gutxiago dituzten enpresek jasoko dute aurrerantzean. Bestetik, ikasketa titulua lortzen duten gazteek enpresetan proiektuak egiteko dirulaguntzak emango ditu Udalak.

Enpleguaren aldeko bi puntu onartu zituen, aho batez, Oñatiko udalbatzak atzo, eguena, egindako otsaileko osoko bilkuran. Batetik, enpresa berrien sustapenerako eta langabetuen kontrataziorako laguntza 100 langile baino gutxiago dituzten enpresek jasoko dute aurrerantzean. Bestetik, ikasketa titulua lortzen duten gazteek enpresetan proiektuak egiteko dirulaguntzak emango ditu Udalak. 40.000 euro bideratuko ditu Udalak horretara eta lana bilatzeko gazteek behar duten esperientzia bermatzea da horren helburua.

Zerga ordenantzetan aldaketak 

Zerga ordenatzetan aldaketa batzuk egitea ere onartu zuten atzoko osoko bilkuran. Garabi tasa berria eta lurpeko aparkalekuen prezio publikoetako aldaketak aho batez onartu zituzten. Zabor­tasan %100 konpostagileen hobaria txantxietan emateko aldaketan, baina, EAJk desadostasuna agertu zuen, nahiz eta hobaria ematea ondo ikusten duen. 

Beste hainbat kontu

Bestelako kontuak ere izan zituzten berbeta gai osoko bilkuran. Debagoieneko Mankomunitateko estatuten aldaketa, esaterako, Bilduren aldeko botoekin onartu zen, EAJk aurka bozkatu zuen eta.

Olabarrieta auzoa herriarekin lotuko duen bidegorria egiteko proiektua behin betiko onartu zen, baita beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko desjabetze espedientea hastea ere.

Mozioak

Bestalde, hiru mozio aurkeztu zituen Bilduk: Martxoaren 8ari lotutakoa, torturaren aurka eta giza eskubideen aldekoa eta hizkuntza eskubideen ingurukoa. Aho batez onartu zituen udalbatzak hirurak.

Galde erreguen tartean, Oñatiko udaltzainen aurka agertu diren pintadak salatu eta udaltzainei babesa eskaini zieten udalbatza osatzen duten bi alderdiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak